Skip to main content
EU
Lehen Taldea

Eibarrek bana berdindu du Malagaren aurka (1-1)

Kike Garciaren gol batek bigarren itzuliko lehen puntua eman dio taldeari

Eibarrek puntu bat urratu du Ligako hogeigarren jardunaldian, markagailuan atzetik hasi ondoren. Izan ere, Malaga aurretik jarri da neurketako lehen ordu laurdena bete denean. Kanpoko taldea huts eta batekoarekin joan da atsedenaldira. Bigarren zatian, Eibarren jokoak hobekuntza handirik izan ez badu ere, arriskuarekin iritsi da andaluziarren area ingurura. Horrela, Kike Garciak berdinketaren gola eskuratu du.

Malagak gogotsu ekin dio partidari eta Eibarren erasoa zailtzen saiatu da hasieratik. Armaginak ez dira batere eroso egon lehen zatian huts egite asko izan direla medio. Malagak etekina atera dio horri eta hamaseigarren minutuan aurretik jarri da zela erdian baloia lapurtu ondoren. En-Nesyri aurrelariak baloia lapurtu eta Dmitrovicen aurrean atea zulatzea lortu du.

Ordurako Eibar iritsi da Robertok defendatutako area ertzera, baina ez du aukera garbirik izan. Gola jaso ondoren, etxekoak suspertu egin dira eta Inuiren jaurtiketa baten bitartez abagune garbia izan du. Malagako atezainak erantzun ona eman dio japoniarraren jaurtiketari. Atsedenaldira Malaga aurretik joan da markagailuan.

Bigarren zatian Eibar berdinketarekin bila atera da. Baina baloi irteeran huts egiteren bat egin badu ere gogotik saiatu dira Mendilibarren mutilak. Zaldibarko entrenatzaileak Orellana eta Bebé zelairatu ditu. Hala, 74. minutuan Bebé esker hegaletik ipinitako erdiraketa batek Kike aurkitu du area barruan eta honek ez du hutsik egin.

Hortik aurrera, Eibarren minuturik oneneak iritsi dira. Garaipena eskuratzeko bultza eta bultza ibili dira armaginak baina azkenean ez dute garaipenaren golik lortu. Kike Garciak izan ditu aukera garbienak, baina bi jaurtiketak modu bikainean gelditu ditu Roberto atezainak. Partida amaieran, puntu banaketa izan da Ipurua zelaian.