Skip to main content
EU
Lehen Taldea

Eibar Vilarreali gailendu zaio eta amesten jarraitzen du (1-0)

Kike Garcíaren golak urrezko hiru puntu eman dizkio taldeari

Eibar Vilarreali gailendu zaio Ligako 26. jardunaldian. Lehia oso parekatuta egon da hasieratik amaierara arte eta armaginek gogotik egin behar izan dute lan hiru puntuak eskuratu ahal izateko. Mendilibarren mutilek sufritzen jakin dute azken minutuetan eta garrantzizko garaipena lortu dute. Kike Garciaren golak denboraldiko helburura gehiago gerturatu ditu eibartarrak.

Lehen minutuetan bietako inor gailendu ez bada ere, Eibarrek hasiera ona eman dio partidari eta bere ohiko jokoa egitea lortu du. Horrela, hamaseigarren minutuan, Ramisek grogueten atzeko lerroaren bizkarrera bidalitako baloia Pedro Leónek aurkitu du. Honek erdiraketa bikaina ipini du, Kike Garcíak baloi sare barrura bidali zezan. Bere lehen abagune garbian Eibar aurretik jarri da markagailuan.

Minutuek aurrera egin ahala, ordea, Vilarrealek gora egin du eta armaginen golari erantzuten saiatu da. Unalek abagune garbia izan du, eta handik gutxira, Cheryshevek area ertzetik egin duen jaurtiketa gora joan da. Eibar, aldiz defentsa lanetan fin ibili da.

Bigarren zatian, norgehiagoka oso parekatuta egon da. Baloi-jabetza tartekatu dute bi taldeek. Eibartarrak lehen minutuei etekina atera nahi izan diote. Hasi eta berehala, Pedro Leónek ezkerrez jo du posizio onean baina bere jaurtiketak Asenjoren atetik gora ihes egin du. Unalek berehala erantzun du falta baten bitaretez. Dmitrovic adi egon da eta arazorik gabe gelditu du jaurtiketa.

Denborak aurrera egin ahala, Vilarreal nagusitzen joan da eta armaginen area ertzera gerturatzen hasi da. Urpekari horia baloiaren jabee gin eta beren aurrelarien azkartasuna bilatzen saiatu da, atzelari eibartarrak ustekabean harrapatu nahian.

Eibar, ordea, sendo ibili da defensa lanetan eta taldearen elkartasun erakustaldi bat dela medio, aurkarien erasoak gelditu ditu. Azken minutuetan eibartarrak jokaldiei etekin handia ateratzen saiatu dira denborak aurrera egin duen bitartean. Gauzak horrela, epaileak amaitutzat eman du gaurkoa eta armaginek garrantzizko hiru puntu batzea lortu dute.