Skip to main content
EU
Lehen Taldea

Eibar punturik gabe gelditu da Mestallara egindako bisitan (1-0)

Armaginek bigarren zati ona egin duten arren, ez da nahikoa izan berdinketa lortzeko

Eibarrek Valentziaren aurka galdu du Ligako 19. jardunaldian. Armaginek ezin izan dute punturik gehitu urteko lehen neurketan. Mestallan azken urteetako aurrekariak onak baziren ere, Valentziak erakutsi du zergatik partidarik galdu ez duen aurtengo sasoian. Mendilibarren mutilak ondo lehiatu dira baina ez da nahikoa izan, eta azkenean, Maxik lehen zatian egindako golari esker hiru puntuak Mestallan gelditu dira.

Valentzia izan da abisatzen lehena. Torresek abagune garbia izan du neurketako zazpigarren minutuan baina bere jaurtiketa gutxigatik kanpora joan da. Eibarren erantzuna berehalakoa izan da. Inui jaurtiketarekin saiatu da, bere erremateak ez du atearen norabidea hartu. Etxeko taldea hobeto aritu da lehen zatian eta abagune ezberdinak egin ditu lehena egiteko.Hala, hogeita zazpigarren minutuan, Maxi Gómezek neurketa gol bakarra eskuratu du burukada eder batez.

Bigarren zatia hasi bezain laster, Eibarrek berdintzeko abagune garbia izan du. Korner batean Bigasek langara egin du errematea. Mendilibarren mutilak lehen minutuetan ustekabean harrapatzeko helburuarekin irten dira zelaira, eta lortzetik gertu izan dira. Bien bitartean, Valentziak kontraerasora irteteko aukera itxaron du.

Lehiaren azken txanpan, eibartarrak berdinketa egitetik oso gertu izan dira. Hiru aukera garbi izan dituzte. Lehenik, Charles burukada eder batez saiatu da. Ostera, Pedro Leónek jaurtiketa bikaina egindu baina Jaume adi egon da gola ekiditeko. Azken minutuetan, Enrichek abagune ona izan du beridinketarako. Aurrelaria bakarrik gelditu da area txikian. Errematea egin beharrean pasearekin saiatu da baina ez du inor aurkitu.