Skip to main content
EU
Lehen Taldea

Eibar Las Palmasen aurka gailendu da markagailua irauli eta gero (1-2)

Armaginek garaipen berri batekin ekin diote urte berriari

Bolada onean da Eibar. Armaginek bat eta bi irabazi diote Union Deportiva Las Palmas-i urteko lehen jardunaldian, markagailua maisuki irauli eta gero. Hasiera parekatasua izan bada ere, etxekoak aurreratu dira lehen zatian penalti baten ondorioz. Baina eibartarrak gogotik saiatu dira eta hiru puntuak eskuratu dituzte Orellanak eta Enrichek egindako golei esker.

Lehen zatia benetan berdindua egon bada ere, Eibar izan da abagunerik garbiena izan duena. Partida hasi eta berehala, Inuik burukada ederra egin du Capak eskuin hegaletik lortutako erdiraketa baten ostean, baina baloia kornerrera bidali du Chichizolak. Minutuak pasa ahala, indarrak berdindu dira, nahiz eta ez den aukera garbirik izan.

Hogeita hamargarren minutuan, ordea, epaileak penaltia adierazi du kanariarren alde; izan ere, Arbillak Toledo erdilaria zangotrabatu du area barruan. Vierak ez du hutsik egin eta lehiako lehen gola lortu du etxekoentzat.

Bigarren zatian, Eibar baloiaren jabetzarekin egin da eta Las Palmasen zelaian jokatzen ahalegindu da. Mendilibarrek aldaketak egin ditu. Lehenik Peña zelairatu du, eta ondoren, neurketako protagonista bihurtuko zen Orellanari eman dio aukera. Txiletarrak debuta egin du Eibarrekin. Sartu eta berehala Charlesen pasea aprobetxatu berdinketaren gola egiteko.

Erdilariaren gola ospatzeko ia denborarik gabe, armaginek bigarrena egin dute. Enrichek bikain burukatu du Coteren erdiraketa garaipenaren gola eskuratuz. Bost minutu zororen ostean, eibartarrek markagailua iraultzea lortu dute. Boladak jarrai dezala.