Skip to main content
EU
Kluba

EIBAR KOPAN: 2000-2005

Eibarrek ustekabean harrapatu zuen Real Madril 03-04 denboraldian jokatutako kanporaketan

Eibarrek bere historiako kirol mailarik onena lortu zuen XXI. mendeko lehen urteetan, bai ligan (02-03 denboraldian izan ezik) eta baita Kopan ere, bertan 2004an Real Madrilen aurka jokatu zuen.

Urte hauetan guztietan, gorri-urdinek atzean utzi zuten talde trakets eta zorrotzaren irudia. Gainera, kudeaketa arloan eredutzat hartzen hasi ziren eta laster, kirol politika erreferente bilakatu zen.

Lehen bi kanpainetan, Blas Ziarretaren eskutik, talde sendoaren eta ondo landuaren irudia eman zuten armaginek, ligan maila arazorik gabe mantenduz. Horren ondorioz, 01-02 denboraldian Manolo Almuniak 2.A mailako Zamora Saria jaso zuen. Aurretik Jose Ignacio Garmendiak erdietsitako lorpena, 1992 eta 1996 urteetan hain zuzen.

Hurrengo denboraldian, salbazioa bideratuta zegoela zirudienean bolada oso txar batek taldea jaitsieratik gertu jarri zuen. Hori dela eta, Ziarreta kargutik kendu behar izan zuten bi partida falta zirenean eta Javi Perez idazkari teknikoak eta Juanjo Arrieta sailburuak entrenatzaileen lana beren gain hartu zuten. Armaginek ligako azken neurketa lortu zuten helburua Albaceteren aurkako partidan.

Jaime Barriuso buru duen Kontseiluak eredu aldaketa bat onartu zuen denboraldia bukatu eta gero. Hala, Jose Mari Amorrortu iritsi zen Ipuruara. Taldeko buru zela lehen itzuli ikusgarria egin zuen, Real Madrilen aurkako Kopako kanporaketa puntu gorena izanik. Bilbotarrak Eibar utzi eta Realak fitxatu zuen liga amaitzeko bi partida falta zirela.  Edonola ere, hurrengo sasoia are eta bikainagoa izan zen. Ez kopari dagokionean (taldea 1/32an kanporatua izan zen) ligari dagokionean baizik. Mendilibarrek zuzentzuen taldea Lehen Mailara igotzetik oso gertu izan zen. Laugarren postuan amaitu zuten amaieran eta azken jardunaldira arte aukerak izan zituzten.

00-01

Eibarrek 1/32 jokatu zituen Ipuruan Zaragozaren aurka. Undiano Mallenco nafarrak Aragoikoen aldeko penalti eztabaidagarria pitatu zuen. Santi Aragonek ez zuen hutsik egin hamaika metrotatik Iru atezaina gaindituz eta mañoek aurrera egin zuten lehiaketan. Hortxe amaitu zen eibartarren ibilbidea kopan, zaleen haserrea tarteko epaileak adierazitako penaltiagatik.

01-02

Beste behin, armaginek final 1/32etan hasi zuten euren ibilbidea, partida bakarrera jokatutako kanporaketan. Tarragonako Nasti izan zuten aurrez aurre. Lehia gol bakarrarengatik erabaki zen Kataluniakoen alde. Kanpokoek Galdames erdilariaren kaleratzearen ondoren sartu zuten garaipenaren gola.

02-03

Partida bakarrera izan zen hau ere. 1/32an hasi ziren armaginak etxetik kanpo. Aurkari Albacete. Gaizka Garitanok taldea aurreratzea lortu bazuen ere, etxekoek lehia berdindu zuten. Norgehiagoka luzapenera zihoala zirudienean, Jon Kortuna 87.minutuan egindako golari esker Eibarrek aurrera egin zuen.

Lehen Mailako Osasunaren aurka jokatu zuten hurrengo kanporaketan, zaparrada bizi eta etengabeak markatutako gau batean. Partida kuartelik gabeko borroka izan zen, eta hasierako berdinketarekin amaitu zen. Bost penaltietako lehen txandaren ostean, Riesgo (Eibar) eta Unzue (Osasuna) atezainen arteko aurrez aurrekoaren ondoren, berdinduta jarraitzen zuen markagailuak. Hurrengo txandan, Jon Kortinak zelaiaren egoera txarraren ondorioz, irristalatu eta hamaika metrotatik huts egin zuen. Gorritxoek gola sartu ostean, 6-7ko emaitzarekin bukatu zen kanporaketa.

Arlo ekonomikoari dagokionez, Eibarrek balantze positiboarekin itxi zuen txapelketa, Ipuruan 33.144 euro bildu baitzituen, aurreko denboraldian etxeko hogeita bat partidetan bildutako 71.210 euroen erdia.

03-04

Denboraldi honetako parte-hartzea gogoratuenatarikoa izaterae pasa zen Kopan Real Madrilen aurka jokatu eta gero. Urte hartan, Eibarrek Molinonen hasiko zuen txapelketa Sportingen aurka (hau ere 2. A mailan zegooen). Gipuzkoarrek garaipena eskuratu zuten Roberto Cuevasen gol batekin partidaren ia amaieran.

Hurrengo kanporaketan, hau ere partida bakarrera, Lehen Mailako Racing iritsi zen Ipuruara. Arauzko denbora eta luzapena jokatu eta gero, markagailua ez zen mugitu. Penaltietan 3-2 gailendu zen Amorrortuk zuzentzuen zuen taldea.

Final-zortzirenetako zozketarako ikusmin handia zegoen eta zortea lagun izan zuen Eibarrek Real Madril tokatu baizitzaion. Estatuko prentsak Eibarrera bideratu zuen bere interesa, eta klubaren kudeaketa eta kirol eredua goraipatu zuen. Amorrortuk ohikoak ez zirenak zelairatu zituen estreinakoz, madrildarrek bezala. Neurketa gorri-urdinen joko erakustalda izan zen. Iker Casillasek talde zuria eutsi behar izan zuen geldiketa paregabeekin. Hala ere, lehen zatiko 37. minutuan Gutik Real Madril aurreratu zuen markagailuan, eta Cuevasek berdinketa lortu zuen atsedenaldiaren atarian.

Bigarren zatian partida orekatu egin zen eta azpimarragarriena "Patxi" Corredoira armaginaren langa izan zen. Eibar hamaikakoa: Basauri, "Rulo" Romero, Zarraga, Alaña, Dani Bautista, Corredoira, Edu Roldan, Oscar Perez, Uriz (De la Cruz), Cuevas (Jon Kortina), Saizar (Arregui).

Norgehiagoka pertsona askorentzat, talde arrokatsu gisa, etab. Partidaren ostean, prentsak gipuzkoarren joko ausart eta teknikoa goraipatu zuen. Askorentzat errebelazioa izan zen, Eibarren mitoaren amaiera talde defentsibo gisa.

Itzuliko neurketan Bernabeun inork ez zuen amorerik eman. Amorrortuk hasierako hamaikako bera aurkeztu zuen, ordezkoz beteta, eta zuriek jokalari onenak zelairatu zituen Ipuruako erasoaren ostean. Roberto Carlos, Zidane, Figo eta Ronaldo, besteak beste. Ia 1.000 zale armaginek lagundu zuten taldea Madrilen, Etxeko ikusleek, berriz, txundituta ikusi zituzten Cuevasek eta Saizarrek lehen 20 minutuetan izandako aukerak. Abagune garbien Cuevasek izan zuen 56 minutuan, baloia langa gainetik jaurti eta gero.

Minutu bat geroago Ronaldok etxekoak aurreratzea lortu zuen eta Figok, handik gutxira, neurketa erabakiko zuen bi eta hutsekoarekin. Eibar kopatik at gelditu bazen ere, erakustaldia eskaini zuen kanporaketa guztian.

04-05

Edizio honetan Eibarrek 1/32an ekin zion, etxean Valladoliden aurka. Partida golik gabe amaitu zen eta penaltietan kanpoko taldeak 2-4 irabazi zuen.