Skip to main content
EU
Lehen Taldea

Eibar garaipenaren bidera itzuli da Ipuruan (3-0)

Armaginek Levante gainditu dute eta sentsazio positiboak errekuperatu dituzte

Eibar garaipenaren bidera itzuli da Levanteren aurka Ligako 26. jardunaldian. Armaginek hiru goleko aldearekin gainditu dute talde valentziarra, neurketa parekatu batean. Eibartarrak, baina, oso eraginkorrak izan dira aurkako arean. Hori dela eta, bigarren zatian aurkaria baino gehiago izan dira Mendilibarren mutilak. Charles, bi bider, eta Orellana izan dira norgehiagokako golegileak.

Lehia parekatuta hasi bada ere, lehen zatia eibartarren eraginkortasunak erabaki du. Charlesek atsedenaldirako ordu laurden falta zela, armaginak markagailuan aurreratzea lortu du. Falta baten ondoren, Cotek Orellana aurkitu du area barnean eta honek Charlesi utzi dio ardura baloia sare barrura bidaltzeko. Aurretik, Levante Eibarren bizkarrera min egiten ahalegindu da. Yoelek Rogerren abagune bi bertan behera utzi ditu.

Bigarren zatia hasi eta berehala, Eibarrek bigarren eskuratu du. Beste behin, Charles izan da golegilea. Aurrelariak Enrichen erdiraketa baliatu du burukada eder batez bigarrena egiteko. Jokalari brasildarrak hirugarrena egiteko abagunea izan du penalti marratik, baina Aitor Fernandez geldiketa bikaina egin du.

Horren ondorioz, Levante bere azken aukerak aprobetxatzen ahalegindu da. Yoel bikain aritu da markagailua hutsean uzteko eta atzeko lerroa ere ondo ibili da arriskua aldentzen. Amaierarako gutxi falta zela, Orellanak Eibarren hirugarrena egin du. Enrichek eskuin hegaletik pase gogorra atzera egin eta Orellanak penalti puntutik markagailua borobildu du.