Skip to main content
EU
Lehen Taldea

Eibar garaipenaren bidera itzuli da Ipuruan (3-0)

Armaginek Granada hartu dute mendean urteko azken neurketan

Eibar Granadari gailendu zaio Ligako 18. jardunaldian. Armaginek hiru puntuak eskuratu dituzte Ipuruan bi hilabete beranduago eta garaipenarekin agurtu dute 2019. urtea. Sergi Enrich, Kike García eta Takashi Inui izan dira neurketako golegileak. Mendilibarren mutilak gehiago izan dira eta lehen zati on baten ondoren, garaipena eskuratu dute.

Armaginek ohiko jokoa egiten ahalegindu dira hasieratik. Hegaletatik iritsi dira lehen minutuetan. Granada, ordea, ez da kikilduta irten eta kontraerasora mina egiteko gai izan da. Partidako lehen abagunea talde andaluziarrak izan du. Carlos Fernandez lehena egitetik gertu egon da, baina errematea kanpora irten zaio. Hogeigarren minutuan, aldiz, Eibarrek ez du barkatu. Escalantek erdiraketa bikaina ipini du eskuin hegaletik eta Enrich bigarren zutoinean, bakar bakarrik, partidako lehena egin du.

Gola ospartzeko astirik gabe, Kike Garcíak bigarrena eskuratu du bost minutu geroago. Aurrelaria Edu Expositoren pase bikainaz baliatu da jaurtiketa bortitz egin eta Rui Silva gainditzeko. Atsedenaldian, Eibar aurretik zen markagailuan.

Bigarren zatian, Granada markagailuan hurbiltzen ahalegindu da. Joko zuzenaren bitartez, armaginen zelaian sartzen saiatu da. Talde andaluziarrak gola egiteko aukeraren bat do beste izan du. Garbiena Machisek izan du, bere errematea langan jo du. Baina Eibarrek Granadak utzitako espazioei etekina atera die eta lehia amaieran garaipena borobildu du Takashi Inuiren golarekin.