Skip to main content
EU
Lehen Taldea

Eibar Atleticori gailendu zaio magiaz beteriko gauean

Armaginek beren lehen garaipena lortu dute Lehen Mailan talde zurigorriaren aurka

Eibar Atleticoren aurka gailendu da Ligako 20. jardunaldian. Armaginak gehiago izan dira lehia hasieratik eta historia egitea lortu dute talde zurigorria Lehen Mailan lehen aldiz mendean hartuta. Mendilibarren mutilek beste urrats garrantzitsua eman dute helburuaren bidean. Gaurkoan golegile moduan estreinatu den Esteban Burgos eta Edu Exposito izan dira aurkako atea zulatu dutenak.

Talde eibartarrak ederki ekin dio norgehiagokari. Lehia hasieran ohiko moduan jokatu du, aurkako zelaian aritu da eta baloi asko lapurtu ditu. Neurketako lehen abagunea Pedro Leónek izan du bere oinetan. Ezker hegaletik ipinitako falta Oblakek kornerrera bidali behar izan du. Ondo ari ziren Mendilibarren mutilak eta hamargarren minutuan markagailuan aurreratzea lortu dute. Pedro Leónek erdiratu, Enrichek lehen zutoinean ikutu eta bigarrenean Esteban Burgosek sare barrura bidali du baloia.

Bigarren zatian, armaginei sufritzea tokatu zaie. Simeoneren taldeak aurrera pausua eman du berdinketaren bila. Correak abagune garbia izan du Dmitrovicen aurrean baina jaurtiketa gora joan zaio. Eibar sendo egin da serbiarraren ate inguruan eta minutuak aurrera egin ahala, hobetzen joan da.

Neurketa amaieran, aldaketek oxigeno dosia eman diote taldeari lanean irmoki jarraitzeko. Azken minutuan Atleticoren zelaian jokatu ahal izan dira eta hala iritsi da armaginen bigarren gola. Edu Expositok area ertzean jaso du baloia eta bitan pentsatu gabe atera jaurti du.