Skip to main content
EU
Kluba

Capa: “Beti bezala irten behar gara, nagusi izan eta lehen minututik presionatu”

Ander Capa hedabideen aurrean agertu da lan-saioaren ostean

Hasi bezain laster, azken asteotan Ander Capari buruz kazetariek gehien landu duten gaietako bat, bere etorkizunaren eta beste kluben proposamenen inguruan galdetua, zera erantzun du: “horrek esan nahi du gauzak ondo egiten ari naizela, baina oraindik 6 jardunaldi geratzen dira. Polita da beste klubek zuganako interesa aurkeztea, baina oraindik beste denboraldi baterako kontratua daukat hemen”.

Portugaletekoarentzat berezia izango da elastiko gorriurdinarekin astelehenean jokatuko den partidua. “Athletic bihotzean daramat eta partidu hunkigarria izango da, baina jokatzeko gogo asko daukat”, nahiz eta asteleheneko neurketaren garrantzia azpimarratu duen. “Oso garrantzitsua da, Sevillan ezin izan genuen nahi bezalako partidua egin, astelehenean irabaziz gero Athleticen pare geratuko ginateke eta besteen emaitzak itxaron beharko genituzke bakarrik”.

Capa klub armaginaren historian momentu historiko gehien bizi izan dituen jokalarietako bat da, mailari eusteak duen garrantziaz badaki. “Ez dut uste Europara ez joatea dezepzioa denik, gure helburua mailari eustea zen eta Europan sartzea lortuko bagenu, oso ondo egongo litzateke, baina dezepziorik ez”.

Capak argi dauka zeintzuk izango diren partiduaren gakoak. “Beti bezala irten behar gara, nagusi izan, lehen minututik presionatu eta arerioari eroso ez egoten utzi”.