Skip to main content
EU
Lehen Taldea

Borja Bastón: Eibarren jokatzea nire karrerako urratsik garrantzitsuena izan da

Klub armaginari agur esateko gutun batean, aurrelari madrildarrak esan du Eibar «hazteko eta garatzeko leku ezin hobea» dela

BORJA BASTÓNEK SD EIBARRI BIDALITAKO GUTUNAREN TESTU OSOA

Bigarren mailan jokatzen eta ikasten urte batzuk eman eta gero, lehen mailako talde bat aukeratzeko unea iritsi zitzaidan. Azkenean, maila goreneko talde batean arituko nintzen. Edozer gazteren ametsa egia bihurtzen da harrobiko maila guztietan ibili eta gero, hainbeste urtetan zure helburua izan den mailan debutatzen duzunean.

Hala ere, jokalariek jarraitasuna eta konfiantza nahi ditugu, zelaian modurik onenean moldatu ahal izateko. Eta horixe bilatzen nuen nik. Aurreko urteak oso biziak izan ziren, gogoan izateko une onak bizi izan nituen, bai eta pertsona bezala eta futbolari bezala hazteko balio izan zidaten momentuak ere.

Futbolean aurrera egin nahian dabilen gazte batentzat, ezinbestekoa da babesten, zaintzen eta etxean bezala sentiarazten zaituen talde bat aurkitzea. Eta horixe guztia aurkitu nuen SD Eibarrera iritsi nintzenean. Lehen unetik ulertu nuen zein zen Klubaren filosofia, eta kemen handiz egin heldu nien aurrean genituen erronkei. Iritsi eta berehala ohartu nintzen erabakia hartzerakoan asmatu nuela. Denboraldiak horrenbeste poz emango zizkidala, ordea, ezin nezakeen imajinatu.

Klubean eta hirian nabaria zen ilusio handiak bereganatu ninduen lehen egun haietan. Lehen mailari eustea ezusteko sari bat zen, eta guztiok baliatu nahi genuen aukera hori. Berehala barneratu nituen mezuak: umilak izan behar genuen baina ez genion ezeri uko egin behar; taldearen batasuna indartu behar genuen, eguneroko lanean % 100ean jardun behar genuen eta aurreko urteetan egindako akatsetatik ikasi egin behar genuen.

Balio horiek urte guztian zehar egon dira presente: umiltasuna, batasuna, lana, dedikazioa, esfortzua. Horrela baino ez genuen lortuko mailari eustea eta ligan aurrera egitea. Eta halaxe izan zen. Egunetik egunera, indartsuago sentitzen ginen. Indar horri esker, eroso sentitzen ginen berdegunean. Eta erosotasun horrek emaitza onak lortzeko lasaitasuna eman zigun.

Aurreneko asteetan behin eta berriz entzuten nuen SD Eibar eskola bikaina izan dela betidanik futbolari gazteentzat. Gogorarazten zidaten Xabi Alonso edo David Silva talde hartan izan zirela, eta gerora izan zuten garapenari esker munduko txapeldun bilakatu zirela. Arrazoia zuten hori esaten zidatenek. SD Eibar leku ezin hobea da jokalari bezala hazteko.

Nire taldekideek eta talde teknikoak, labur esanda, klubak, aukera eman didate denboraldi guztian Lehen mailako goleatzaile nazional arrakastatsuena izateko borrokan aritzeko. Halere, edozein aurrelarik behar dituen golez gain, bizi izan dudan esperientzia oinarrizkoa izango da etorkizuneko nire ibilbide profesionalean.

Oso zoriontsua izan naiz Eibarren, hiriaren erdigunean bizi izan naiz, eta horrela hemengo ohiturak gertu-gertutik ezagutu ahal izan ditut. Gainera. etorkizunerako oso garrantzitsua izango den prestakuntza bat burutu dut. Hau izan da, dudarik gabe, nire futbol-karrerako urratsik garrantzitsuena.

Puntu honetan, nigan konfiantza izan zuten guztiei eskerrak ematea da egin dezakedan gauza bakarra: nire taldekide guztiei, talde teknikoari, kirol-zuzendaritzari eta presidenteari. Eta, jakina, Eibarreko zale bikainei. Lehen egunetik sinetsi dute Lehen mailan ia lehen aldiz ari zen mutil gazte batengan, eta neurririk gabe babestu naute. Eskerrik asko, Eibar, eta eskerrik asko, SD Eibar. Ez dakit patuak berriz ere elkartuko ote gaituen, baina nigan utzi duzuen aztarna ezabaezina da dagoeneko.