Skip to main content
EU
Lehen Taldea

Bigarren puntua etxetik kanpo 9 jokalariekin

Eibarrek Romaredan lortu du ligako bigarren puntua

Eibarrek bigarren puntua lortu du etxetik kanpo (0-0) Zaragozaren aurka, urriaren 3an, 21: 00etan, Romaredan jokatutako partidan. Venancio (39. min) eta Javi Muñoz (77. min) kanporatuak izan dira.

Partida oso zaila izan da eta bi taldeek falta ugari egin dituzte, 26 guztira. Lehen zatian Eibarko taldeak Corpasen aukera izan du eta gutxigatik ihes egin du. Handik gutxira, Juan Berrocal ordezkatu behar izan dute, eta Venanciok hartu du haren lekua (28. min). Zelaira sartu zenetik 10 minutu besterik igaro ez direnean, jokalari portugaldarrari txartel gorria atera diote, besoarekin Vadaren aurpegian talka egin duelako. Gertaera horren ondoren, Garitanoren taldeak Rober Correa eta Nolaskoain zelairatu ditu 40. minutuan, Corpas eta Stoichkoven ordez, emaitzari 10 jokalarirekin eusteko asmoz.

Bigarren zatiko lehen minutuetan, Aragoiko taldea Yoel Rodriguezen atea estutasunean jartzen saiatu da. 62. minutuan, Bermejok aurretik jarri ditu etxekoak, baina VARek baliorik gabe utzi du gola Anaitz Arbillari falta egin ostean. Eibarrek estutasunik gabe defendatu du emaitza, Javi Muñozi txartel gorria aterata egoera zailago jarri den arte, 77. minutuan falta bat egin eta gero. Azkenean, talde armagina gai izan da emaitzari 20 minutuz eusteko 9 jokalarirekin, eta etxetik kanpo bigarren puntua lortzeko.


Gaizka Garitanoren taldeak CD Mirandesen aurka jokatuko du Ipuruan, urriaren 10ean, 21: 00etan.