Skip to main content
EU

Basque Team Fundazioak, Athletic Clubek eta Eibar Kirol Elkarteak lankidetza akordio bat sinatu dute goi mailako euskal kirola sustatzeko

SD Eibar Basque Team Fundazioko laguntzailea izango da hurrengo urte bietan. Euskadiko Artxibo Historikoan aurkeztu da hitzarmena, eta bertan, Amaia Gorostiza Eibarko presidenteaz gain, Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua, Olatz Legarza Basque Teameko koordinatzailea eta, Aitor Elizegi Athletic Clubeko presidenteak egon dira, azken hau hitzarmena sinatu duen beste euskal taldeko ordezkari gisa.

Eibarrek 70.000 euroko diru laguntza emango dio Basque Teami. Fundazio honek garrantzi handiko eginkizuna du gizartean: kirolari loturiko balioak hedatzea, aniztasunaren alde egitea, hobetzeko nahia eta pertsonen integrazioa bultzatzea edota kirol-kultura sustatzea. Elementu horiek guztiek gizartea egituratzen dute, eta Basque Teamen proiektuari balioa ematen diote. Bere ezaugarri eta jarduera propioei esker, Euskadiko kirol-munduan aparteko espazio bat eratzen du BasqueTeamek, nazioarteko goi-mailako lehiaketetan presentzia duena. Horrela, akordioan jaso denez, gizartearentzat eredu diren Basque Teameko kirolariekin lotzen diren esfortzuari, sakrifizioari, errespetuari eta iraunkortasunari lotutako balioak lehen mailako futbol taldeen markarekin ere lotuko dira. Era berean, futbol klubek euskal gizartean duten indarra eta eragiteko ahalmena Fundazioarentzat onuragarriak izango dira.  

Futbol taldeek eta Fundazioak sinatu dituzten kolaborazio hitzarmenek herrialdearen marka finkatzeko eta eliteko kirola, bere osotasunean, Euskadiko elementu bereizgarri eta estrategiko bihurtzeko lagunduko dute.