Skip to main content
EU
Lehen Taldea

Azken minutura arte borrokatu eta Granadari irabazi zion Eibarrek

Sergi Enrichek egin zuen, 93. minutuan, garaipenaren gola. Armaginek, bat gutxiagorekin jokatu zuten partidaren zati handi bat

30 gradutik gorako tenperaturekin hasten zen norgehiagoka Los Cármenes futbol zelaian. Lehenengo minutuetan, inork ez zuen lortzen aurkariaren defentsa gainditzea. Granada partidan nagusi zela zirudien, baina ez zuen arriskurik sortzen, Eibar ondo kokatuta zegoen eta. Armaginen lehenengo saiakera 7. minutuan iritsi zen, Kike Garcíak hegaletik egindako erdiraketa bat baliatu zuenean. 31. minututik aurrera, neurketa guztiz aldatu zen. Gálvezek baloia urruntzerako orduan izandako zalantzek, Riesgoren irteera eragin zuten. Atezain armaginak area ertzean falta garbia egin zion Ponceri eta txartel gorria ikusi zuen. Ondorioz, entrenatzaileak Yoel zelairatu zuen Jotaren ordez.

Zoritxarreko egoera honetan, Pedro Leónek urrutiko jaurtiketa batekin atezaina ustekabean hartzen saiatu zen. Baloiak bote irregular bat eman zuen eta Ochoak ezin izan zuen gelditu. Horrela iritsi zen arratsaldeko lehenengo gola. Armaginak markagailuan aurretik zeuden.

Bigarren zatian, Granada erasora atera zen, arrisku handiagoa sortzeko asmoz. Eibarrek, ordea, geldikako jokaldietan aukerak izaten jarraitzen zuen. Granadak Carcela zelairatu zuen eta horrek oxigenoa eman zion taldeari. Horrela, 76. minutuan, neurketa berdindu zuten korner-jaurtiketa baten bitartez. Poncek langara errematatu zuen eta Kravetsek aldaratzea sarera bidali zuen.

Azkeneko minutuak oso biziak izan ziren. Granada garaipenetik hurbilago zegoela eta Eibarrek berdinketarekin konforme zegoela zirudien. Baina orduan, armaginek kontraeraso on bat egin zuten 93. minutuan eta Sergi Enrichek bigarren gola sartu zuen, mirarizko garaipena lortuz.