Skip to main content
EU
Lehen Emakumezkoen Taldea

Arene: “Pozik gaude, aurkari zuzen baten aurka puntu bat lortu dugu bere etxean eta itxura ona eman dugu”

Alavesen aurkako berdinketaren ostean lidertzan da Eibar, talde gasteiztarrarekin, Athletic Brekin eta Osasuna Brekin berdinduta

Emakumezkoen lehen taldeak berdinketa ona lortu du asteburu honetan Alavesen aurka, eta sailkapenaren goikaldean jarraitzen du, talde gasteiztarrarekin, Athletic Brekin eta Osasuna Brekin berdinduta. Neurketa amaieran sartu zuen gola talde arabarrak Eibarren aurkako norgehiagokan, bestela armaginak sailkapenaren lehen postuan egongo lirateke.

Bost jardunaldi jokatuta, sailkapenaren goiko aldean daude eibartarrak, lau garaipen eta berdinketa batekin. Arene izan zen, hain zuzen ere, atzoko neurketan gola egin zuen jokalaria. “Zapore gazi-gozo batekin geratzen zara, partiduan nagusi izan zarelako, baloia izan duzulako, baina azken minutuan gola egiten dizute. Hotzean pentsatuz gero Alaves bezalako aurkari indartsu baten aurka eta bere zelaian berdinketa ona da”.

Erdilari bizkaitarrak ondo ikusten du taldea. “Indartsu gaude. Atzokoa aurkari zuzen baten aurkako azterketa izan da. Puntu ona lortu dugu oso zelai zailean, eta itxura ona eman du”.

Denboraldi buruz galdetuta, Arene gustura da egindako lanarekin. “Gauzak ondo doaz. Emaitzak lagun ditugu, puntuak eskuratzen ari gara eta alde dezenterekin irabazten, eta gainera joko ona egiten. Jokatzeko era definitua dugu, eta jokalari eta prestatzaile berri asko gaudela kontutan hartuta oso positiboa da”.

Etorkizunari begira, Arene baikor da. “Bide beretik jarraitu behar dugu. Ez dut ezer aurreratu nahi, denboraldi luzea delako eta gauza asko gertatu daitezkeelako. Konfidantza dugu eta lanean jarraituko dugu denok buruan duguna lortu dezagun”.

Taldeak Berrizen entrenatzen du, eta gustura daude. “Lan saioak ondo doaz, baina egia da futbol oinarri sendoa izateko dena gertu izan behar duzula: makinak, gimnasioa, medikoak…  Prestatzaileak ondo ari dira lanean, baina egia da ordu eta laurden entrenatzen dugula saio bakoitzeko eta hor hobetu dezakegula”.