Skip to main content
EU
Kluba

76 urte beranduago ordaindu da 150 pezetako zorra

SD Eibarrek Klubaren lehenengo idatzizko dokumentua berreskuratu du, Osasunarekin batera armaginen historiari egindako omenaldi hunkigarri batean.

SD Eibar Fundazioak atzoko derbiaren atsedenaldia baliatu zuen Osasunaren zuzendariekin batera historia gorri-urdinari omenaldi xume baina hunkigarri bat egiteko. Jokalariak aldageletara abiatu zirenean, Amaia Gorostiza Presidentea eta Jon Ander Ulazia Idazkari eta Kontseilariak txeke bat igorri zuten, eibartarrek gorritxoekin zuten 150 pezetako zor epegabea onartuz (0,902 euro), Luis Sabalza Osasunaren Presidentea eta Fidel Medrano zuzendaritza kideak jaso zutena. Horrela, Eibar eta Osasunak 1940. urtean hasi zen elkarren arteko adiskidetasun harremana indartzen dute, talde nafarra 76 urte beranduago jarraitzen duen futbol amets zoragarri baten lehen idazkiaren lekuko bezala aintzat hartuz.

Armaginen historia ezagutzeko 1940ko urtarrilaren 1era atzera egin behar dugu. Egun horretan fundatu zen Ibargain Tabernan (gaur egungo Valle Taberna) Eibar futbol taldea, Juan Artamendiren lehendakaritzapean, Erregional mailan jokatzeko asmoz, Gipuzkoako kategoriarik txikiena.

SD Eibar Fundazioak ez du Klubaren sorrerari buruzko dokumenturik gordetzen (ez estatuturik, ez fundatze-agiririk), baina artxiboan 1940ko urtarrilaren 13an Osasunak bidalitako gutun bat aurki daiteke, SD Eibarren historian kontserbatzen den lehenengo dokumentua.

Bertan, talde nafarrak Eibar futbol taldeari jakinarazten dio postazko igorpen baten bitartez 150 pezeta itzuliko dizkiola, eguraldi txarraren ondorioz bertan behera geratu zen lagunarteko partida batera joateko talde armaginak izandako garraio-gastuak ordaintzeko xedez.

Atzo, 76 urte beranduago, Fundazioaren bitartez, Eibarrek Osasunari 1940ean garraio-gastuak ordaintzerako orduan erakutsitako zintzotasuna eskertu nahi izan zion, eta 150 euroko txeke sinbolikoa eman zion.