Skip to main content
EU
Lehen Emakumezkoen Taldea

Eibarrek puntu bat lortu du Nafarroan gehiago merezi izan duen partiduan

Armaginek bana egin dute Berriozarren aurka

SD Eibarren Emakumezkoen Lehen Taldeak etxetik kanpo puntu bat lortu du Berriozarren aurka bana egin ostean. Ainhoa Alonso izan da goleatzaile armagina.

Joan den astean Unben gertatu zenarekin alderatuz, armaginak gogotsu atera ziren lehen minututik. Nahiz eta neurketa ondo hasi, 8. minutuan, nafarrek urrutitik jaurtitako baloiak langa jo eta atean sartu zen.

Armaginek nagusi izaten jarraitu zuten, nafarrek baloi luzeak bidaltzen jarraitzen zuten bitartean.

Armaginen gola Iratxeren alboko sake baten ostean iritsi zen. Sarak buruz luzatu zuen eta Alonsok, baloia gurutzatuz, aukera aprobetxatu zuen. Lehen zatiko azken minutuetan eibartarrek euren arean sartu zituzten nafarrak, baina zorte gabe.

Bigarren zatia dinamika berarekin hasi zen. Olatzek langatik gora bidali zuen bere burukada korner baten osten eta Izarra debutariak gutxigatik ezin izan zuen baloi bat jaso area txikian.

Etxekoek baloi luzeak bidaltzen zituzten, baina Iratxe adi zegoen guztiak jasotzeko. Azkenean, armaginak Alonso kapitainari baloi luzeak bidaltzen saiatu ziren, baina zorte handirik gabe.