Skip to main content
EU
Lehen Taldea

Mendilibar: Atletico etsai gogorra da, baina aurrera egiteko aukerak izango ditugu

Eibarko entrenatzaileak bigarren taldeko hiru jokalari deitu ditu bajengatik

Jose Luis Mendilibar SD Eibarreko entrenatzaileak adierazi du Atletico de Madrid, Kopako final laurdenetako arerioa, “oso etsai zaila” dela, “baina kanporaketan aurrera egiteko aukerak izango ditugu”.

Biharko partiduari begira, Mendilibarrek Riesgo, Ramis, Arbilla, Kike Garcia eta Nanoren bajak ditu. Azken honek zaintiratua izan du eskuineko orkatilan gaurko entrenamenduan. Gainera, Dani Garcia ere deialditik kanpo geratu da, mina duenez atsedena hartzeko.

Honakoa da biharko partidurako deialdia: Yoel, Markel Areitio; Capa, Dos Santos, Gálvez, Lejeune, Luna, Escalante, Rivera, Sarriegi, Rico, Bebé, Pedro León, Rubén Peña, Adrián, Inui, Enrich eta Josue Dorrio.

“Talde ona aterako dugu emaitza ona lortzeko, jakinda azken asteotan lesionatuak izaten ari garela. Jendea berreskuratzen goazen heinean hurrengo partiduetan pentsatzen hasiko gara, baina orain bertan biharko partiduan pentsatzen ari gara bakarrik. Talde ona osatuko dugu eta seguru nago etsaiari gauzak zail ipiniko dizkiogula”.

Eibarreko entrenatzaileak prentsaurrekoan adierazi duenez, bihar Ligan ohikoak diren hainbat jokalarik jardungo dute, “baina izaten ari garen arazo fisikoengatik”. “Bestela ez nuke inor errepikatuko. Hona heldu bagara, jokatu dugun jendearekin jokatu dugulako da, hauek oso ondo aritu direlako”.

“Lehen mailako talde bi kanporatu ditugu eta horrek esan nahi du jendea ondo dagoela. Ondo lehiatzen ari dira eta egotea merezi dute. Kanporaketan aurrera eginez gero, orduan bai pentsatuko dugu Kopa irabaztean”.

Biharko arerioaren gainean, “Simeoneren Atletico de Madrid ona izango da modu batean edo bestean. Berdin da nork eta nola jokatzen duen, beti dira lehiakorrak eta ondo lehiatzen dira”, adierazi du Mendilibarrek.

“Eurak ez dira zoroaren pare partidua irabaztera joango, eroso egongo dira han ateratzen duten emaitzarekin. Ez dira irabazteaz edo gola jasotzeaz arduratuko. Edozein tokitan irabazteko gai diren jokalariak dituzte”.