SDE / ALBISTEAK

SD Eibarreko akziodunek Areitio aukeratu dute kirol-instalazioak eraikitzeko

Era berean, gaur egindako Akziodunen Batzarrean iazko denboraldiko kontuak onartu dira, 14,2 milioiko superabitarekin

Itzuli

24/10/2018 23:13

Gaur egindako SD Eibarreko Akziodunen Batzarrak klub armaginaren etorkizuneko kirol-instalazioak Areition eraikitzea aukeratu du, gehiengo zabal batekin.

Hain zuzen ere, botazioan Areitioko aukerak 11.692 akzioren babesa izan du eta Azitainen alde, aldiz, 6.071 akziok egin dute.

Batzarrean, halaber, iazko denboraldiko kontuak onartu dira, 14,2 milioiko superabitarekin. 18/19 denboraldirako aurrekontua 49,2 milioi eurokoa da, historian handiena, 5,2 milioiko irabaziak aurreikusi direlarik.

Aurkeztutako kontuek 12.559 akzioren babesa izan dute, 1.136 akziodunek kontrako iritzia agertu duten arren.

Baina eztabaidarik handiena lehen taldea eta Klubaren egituraren gainerako taldeentzako berezko kirol-instalazioak eraikitzeari buruzko puntuak ekarri du.

Kontseiluak bi proposamen aurkeztu ditu (Areitio eta Azitain), azken hilabetean egindako bi bileretan akziodunekin aukera ezberdinen inguruan eztabaidatu ondoren.

Azkenean, akziodunek Areitio aukeratu dute, Mallabiako udalerrian kokatzen dena (Bizkaia), Eibarko hirigunetik Azitain bezain gertu, nahiz eta azken hau Eibarko udal-mugartean kokatzen den.

Etorkizuneko kirol-instalazio hauetan lau futbol-zelai eraikiko dira (belar artifizialeko bi eta belar naturaleko bi) eta, beharrezkoa balitz, bosgarren zelai bat eraikitzeko aukera egongo da.

Horrez gain, lehen taldearentzako eraikin bat egongo da (dagoeneko eraikita dago baina berritu egingo da), zelai nagusiarentzako harmailak, aldagelak eta aparkalekuak, besteak beste.

Aurreikusitako kostua, lursailak erostea eta obra zibila barne hartuz, 16 milioi eurokoa da.

Proiektu honi esker, SD Eibarrek gaur egun ez duen berezko ondarea lortuko du. Gainera, espazio bakar batean Klubaren talde guztiek entrenatu ahal izango dute. Gaur egun, talde ezberdinak zortzi kokalekuetan banatzen dira.

Kluba, ordea, ez da instalazio berriak eraikitzeko zorpetuko, 30 milioitik gorako aktiboa eskuragarri baitu.

Akziodunen Batzarrean aukera hau onartu ondoren, Kontseilua berehala lanean hasiko da Areitioko lursailak erosteko aurreakordioak gauzatzeko eta hirigintza-kudeaketak burutzen hasteko, lehenbailehen eraikuntza-lanak abian jarri ahal izateko.

SDE / Agenda

05 AP

Coliseum Alfonso Pérez

Partidua

Jardunaldia30 Getafe CF - SD Eibar

12 AP

Municipal de Ipurua

Partidua

Jardunaldia31 SD Eibar - Valencia CF

22 AP

Nuevo Los Cármenes

Partidua

Jardunaldia32 Granada CF - SD Eibar

26 AP

Municipal de Ipurua

Partidua

Jardunaldia33 SD Eibar - C.A. Osasuna

03 MAI

Ramón Sánchez-Pizjuán

Partidua

Jardunaldia34 Sevilla FC - SD Eibar

Agenda ikusi