Skip to main content
EU
Lehen Emakumezkoen Taldea

KRONIKA. Eibarrek Valencia CF garaitu eta helburura gerturatzen da

Eibarrek Valencia CF menderatu du Antonio Puchades zelaian Ane Campos eta Annelie Leitnerren golekin. Austriarrak lehenengo gola lortu du Eibarreko kamisetarekin.

Eibarrek Valencia CF menderatu du Antonio Puchades zelaian, 26. jardunaldiko partidan. Eibarrekoen partetik oso partida borrokatua, garaipen borobila lortzeko puntuetan berdinduta zetorren aurkariaren aurka. Nahiz eta hasiera batean aukerak sortzen kostatu zaien, bi taldeak arriskua sortzen saiatu dira markagailua estreinatzeko asmoarekin.

5. minutu inguruan Espe Pizarro aurkariaren atera gerturatu da, baina baloia Canales atezainaren eskuetara erori da. Minutu batzuk geroago, baloia desbideratzeko asmoz, Valencia CFko defentsak ia ate propioan sartu du baloia. 13. minutuan berriro ere Eibar arriskutsu gerturatu da aurkariaren areara, Camposen kontrol bikain batekin Espe Pizarrori berriro ere baloia iritsiaraziz, gertu egon dena markagailuan lehen gola jartzeko.

Valencia CFk ere intentzioak argi zituen gaurkoan, Mirallesen atera bi aldiz gerturatuz. Elbaren urruntze bikain batek saihestu du gola. Bi taldeek arerioaren areara hurbilketa arriskutsuak saihestu dituzte, baina partidak 0-0 zijoan aurrera.

Jujubak ere beste hurbilketa arriskutsu bat saihesten zuen partida ordu erdira iristen zenean. Minutu batzuk geroago, Mirallesek geldiketa bikaina egin du etxekoen lehen gola saihesteko. Ez du arrisku handiagorik sortu Valencia CFk eta atsedena markagailua hutsean iritsi da.

Atsedena eta gero, Eibar ideiak oso garbi agertu da. Zenbait aldaketa egin baino lehen, Ane Camposek lehen gola 62. minutuan lortzen zuen Eibarri ilusioa piztu eta aulkiko jokalariak altsatuaraziz. Anneliek bigarren golarekin garaipena berretsi du Eibarrekin eta baita ere F Ligan lortzen duen lehen golaren bitartez. Eibarrentzako garaipen garrantzitsua, helburutik geroz eta gertuago egoteko. Hurrengo astean, oraindik garrantzitsuagoa den partida: Villarreal CF-ren aurka ostiralean jokatuko dena.