Skip to main content
Primer Equipo

Garitano: Lehiatzea da Bernabeun gozatu ahal izateko modu bakarra

Gaizka Garitanok, SD Eibarren entrenatzaileak, gaur goizean Ipuruan Real Madrilen aurkako partidaren aurretik emandako prentsaurrekoan, "Lehiatzea da Bernabeun gozatu ahal izateko modu bakarra".

Aún no hay reacciones. ¡Sé el primero!

"Bernabeun jokatzea gauza handia da guretzat. Pribilegio bat da, jokalariek azken urte hauetan zehar irabazi dutena. Lehiatzea, gauzak ongi egitea eta aurkariari partidua zail jartzea izango da gozatu ahal izateko modu bakarra", esan du.

"Taldeak ez du esperientzia bizitzera, argazki batzuk ateratzera eta kamiseta trukatzera joan behar". "Gakoa betikoa da: lehiatzea. Oso aukera polita da eta lehiatzera joateko ilusio handia dugu", aipatu du.

"Beti da Bernabeura joateko garai txarra. Talde gehienek gol piloa jasotzen dute bertan. Inporta zaidan gauza bakarra jokoan dauden hiru puntuak dira. Gure helburu bakarra puntuak lortzea da. Ez naiz leloa eta badakit oso zaila dela, baina ez ezinezkoa", adierazi du.

Biharkoa bezalako partidu batean golak sartzeko modurik onena "espazioetara irtenda eta baloi-geldiko jokaldietan izaten da". "Atzean geratzen bagara, beste talde batzuek ez duten baloi-geldiko joko arriskutsua du Real Madrilek. Erdiraketa eta erremate onak dituzte. Goian, gutxirekin asko egiten dute eta hamar minututan hainbat gol egin ditzakete".

Eibarren entrenatzaileak, Malagaren aurkako garaipenarekin "taldeak arnas pixka bat hartu duela" esan du, baina "zortzi partidu geratzen dira eta jarraitu beharrean gaude".

"Azken partiduetan hobeto ikusten dut taldea, sentsazio ona ematen du. Fisikoki pixka bat hobeto dago, porrotek ez digute konfiantzarik kendu eta ez daukagu min-hartutako jokalaririk. Taldea denboraldi amaierari aurre egiteko prest dago", esan du.