Eibarrek 1-2 irabazi du ligako hamargarren jardunaldian
Eibarrek 1-2 irabazi dio UD Ibizari Ligako hamargarren jardunaldian. Atsedenaldira markagailuan azpitik joan arren, emaitzari buelta ematea lortu dute, etxetik kanpoko lehen garaipena lortuz.
Talde armaginak lehen zati ona egin du. Partida hasiera parekatua izan den arren, talde armaginak lehen zatiko aukera argienak izan ditu. Armaginen lehen aukera partidako 10. minutuan iritsi da, baina Stoichkoven jaurtiketak aurkariaren defentsan jo du, arratsaldeko lehena eragotziz. 19. minutuan, Stoickhovek arratsaldeko lehen gola egin du baina gola bertan behera geratu da VARen berrikuspenaren ondoren. Etxeko atezainak, 23. minutuan, Matheusen gola saihestu du, armaginen jaurtiketa gogor bat baztertuz. Jokoan nagusi izan arren etxekoak izan dira markagailua ireki dutenak atsedenaldia baino pixka bat lehenago. Miki Villarrek UD Ibiza aurreratu du eskuinarekin area erditik egindako errematearen ostean.
Bigarren zatian, dena emanda zelairatu da Eibar, markagailuari buelta emateko asmoz. Jon Bautistak sartu du berdinketaren gola 53. minutuan. Handik gutxira, Stoichkovek aurretik jarri du talde armagina markagailuan, baina bere gola baliorik gabe geratu da VAR-aren berriskuspenaren ostean. Bigarren zatiko lehen minutuetan erabakigarria izan den Bautistak Eibar aurreratzeko aukera izan du buruz egindako erremate baten ostean, baina bere jaurtiketak ez du aterik aurkitu. Bigarren zati osoan nagusi izan den Eibarrek etxetik kanpoko lehen garaipena lortzen ahalegindu da partida osoan. Horrela, 80. minutuan, Stoichkovek 1-2koa sartu zuen, Fuzato etxeko atezainak defendatutako atean eskuinarekin egindako erremate baten ondoren.
Garaipen honekin, talde armaginak etxetik kanpo lortu ditu bere lehen hiru puntuak, markagailuari buelta emanez. Eibarrek astelehenean, hilaren 17an, jokatuko du bere hurrengo partida, Molinonen, Sportingen aurka.