Skip to main content
Lehen Emakumezkoen Taldea
Iker Dorronsoro: “Partida itxia egin behar dugu eta hortik lortu behar dugu puntuatzea”

“Kontziente gara helburua gertu daukagula baina errematatzea geratzen zaigu", adierazi du entrenatzaile armaginak

There are no reactions yet. Be the first!

Iker Dorronsorok prentsaurrekoa eskaini du bihar Valentziaren aurka Ligako hogeita hamaikagarren jardunaldia jokatu aurretik. Neurketa bihar jokatuko da 12:00tan Unben. 

Entrenatzaile armagina bihar jokatuko duten partidaren inguruan mintzatu da. “Partida itxia egin behar dugu eta hortik lortu behar dugu puntuatzea”, adierazi du. Zentzu horretan, “taldeak beste behin ahalegin handia egin beharko du, eta intentsitate eta laguntza asko egon beharko dira”, aitortu du.

Dorronsorok biharko aurkaria ere aztertu du. “Talde gaztea da baina oso talde ona da”. “Futbolean ondo jokatzen duen talde bat da eta bigarren itzuli oso on bat egiten ari da” esan du. Horren harira, Valentziak duen jokatzeko modua ere aztertu du. “Talde oso dinamikoa da eta baloia konbinatzen saiatzen den taldea da”, adierazi du. “Kalitate handiko jokalariak dituzte barrutik eta asko saiatzen dira baloia barrutik jolasten eta luze jokatzen ere badakite”. Gainera, eta entrenatzaile armaginaren hitzetan, “aurkariaren estilo ere moldatzen badakite momenturen batean egin behar badute”.  

Bihar helburua garaipena den arren, salbaziotik horren gertu egonda, puntu batekin konformatuko litzatekeen galdetuta, “egia da momentu honetan galtzea ez den guztia positiboa izango dela guretzako”, aitortu du. Hala ere, “uste dut puntu bat baina gehiago beharko dugula eta hobe bihar hiru puntu ateratzea lortzen badugu”.

Horren harira, “kontziente gara helburua gertu daukagula baina errematatzea geratzen zaigu eta ahalik eta azkarren lortzen ahalegindu behar gara, eta hori da taldeari transmititu nahi dioguna”, amaitu du.