Ate aurrean huts egin arren taldeak sentsazio onak utzi ditu Kopako azken partidan
Eibarrek 1-0 galdu du Celtaren etxean, Errege Kopako final hamaseietako itzuliko partidan. Armaginek neurketa ona egin duten arren, ezin izan dute Vigoko taldearen atea zulatu, eta ostera, Aspasi egindako penalti baten ondorioz, amaierako bat eta hutsekoa jaso dute beren atean.
Eibartarrek ongi ekin diote partidari Celtaren baloi irteerari presioa eginaz. Minutuak aurrera joan ahala, Mendilibarrek zuzendutako mutilek, baloiaren jabetza lortu dute eta Sergio Alvarez-en areara heldu dira. Hegalak ondo erabiliz erdiraketa dezente egitea lortu dute lehen zatian armaginek. Abagunerik garbiena Kike Garciak izan du, baina bere jaurtieketak ez du Alvarezen atearen norabidea hartu.
Bigarren zatian, Eibarrek erritmo bizian hasi du neuketa eta hamar minutuan lau aukera garbi izan ditu. Lehena, Charlesek izan du, baina bere jaurtiketa Celtako atezainak gelditu du maisuki. Ondoren, Bebék boleaz lortu du errematea egitea hiru zutabeen artean, baina berriz ere atezain galiziarrak erantzun bikaina eman dio jaurtiketari. Handik gutxira aukera bikoitza izan du Eibarrek. Lehen abagunean Bebek Alvarezekin egin du topo. Aldaratzea Charlesek jaso du. Baina brasildarrak ez izan du baloia sare barrura bidali.
Armaginek partidaren kontrola eramaten jarraitu dute hurrengo minutuetan. Ezin izan dituzte, ordea, aukerak gauzatu. 89. Minutuan, lehia amaituta zegoela zirudienean, Dmitrovic-ek Aspas lurrera bota du area barruan. Epaileak penaltia adierazi du eta jokalari galiziarrak ez du hutsik egin.
Taldeak utzitako sentsazio onez gain, gaurko neurketak beste albiste positivo bat utzi digu. Izan ere, Julen Azkue filialeko jokalariak, debuta egiteko aukera izan du gaurkoan. Mendilibarrek 67. minutuan sartzea erabaki du, Jordanen ordez. Azkue, lehen taldearekin jokatzeko aukera izan duen filialeko bigarrena izan da.