Skip to main content
Lehen Emakumezkoen Taldea

Yerai Martin: "Nortasuna eta anbizioa erakusteko garaia da, baina orain arte bezala lan eginda"

Emakumezkoen lehen taldeak bihar Levante UDren aurka jokatuko du Buñoleko Kirol Hirian, 12:00etan

There are no reactions yet. Be the first!
Emakumezkoen lehen taldearen bolada onarekin, batez ere etxetik kanpo, Yerai Martin entrenatzailea konfidantzaz eta baikor agertu da Valentziarako bidaiaren aurreko prentsaurrekoan: "Emaitza bikainak lortzen ari gara azkenaldian, beraz, helburua Valentzian partida borobila egitea da, eta puntuak gurera ekartzea". Zazpi partida daramatza taldeak etxetik kanpo galdu gabe, beraz horri eustea izango da biharko helburu nagusia.
 
Aurkariari dagokionez, entrenatzaileak Levante UD azken urteotan egiten ari den lan handia nabarmendu du, nahiz eta egia den denboraldi honetan egoera zailago bat izaten ari den, mailari eusteko borrokan: "Azken jardunaldiei erreparatuz gero, ikusten da oso partida onak egiten ari direla, ez dugula aurkari batere erraza izango eta bakarka oso jokalari onak dituztela, min handia egin dezaketenak".

"Puntu asko lortu ditugu orain arte, eta oso egoera erosoan gaude, baina nortasuna erakusteko unea da orain, gora edo behera begiratu gabe", nabarmendu du, "ez erlaxatzeak, gauza desberdinak ez egiteak, baizik eta anbizio handikoak izateak eta orain arte bezala lanean jarraitzeak" duen garrantziarekin.

Buñoleko Kirol Hirian jokatuko den norgehiagoka azkena izango da datorren asteko FIFA etenaldiaren aurretik; izan ere, taldeak hainbat atseden egun izango ditu denboraldiaren azken zatiari aurre egin aurretik.