
Stoichkov: "Jokalari onenaren saria taldearen lan guztiari esker ere bada"
Eibarreko jokalaria oso pozik agertu da LaLigako sariagatik
Urrian Smartbank Ligako jokalari onenaren saria eskuratzea ere talde osoaren lanari esker lortu duela azpimarratu du gaur Juan Diego Molinak.
Stoichkovek LaLigaren eskutik jasoko du sari hau, datorren larunbateko (18:15) SD Eibar-AD Alcorcon partida hasi aurreko minutuetan, Ipuruan.
“Alcorconen hileko jokalari izateko izendatuta egon nintzen, baina ez nuen garaikurra eraman. Ez neukan garaikurrik, eta oso pozik nago”.
ALCORCONEN AURKAKO PARTIDA
“Garrantzitsua da beti hiru puntuen alde borrokatzea, baina gure jendearen aurrean errazagoa da. Badakigu kategoria honetan edozein taldek irabaz dezakeela. Ez datoz bolada on batetik, baina entrenatzaile aldaketarekin asko hobetuko dutela uste dut”.
“Guk igotzeko borrokatzen dugu eta haiek mailari eusteko borrokan ari dira, baina hau oso luzea da eta ez dago jakiterik. Larunbat honetan oso talde zaila aurkituko dugu. Markagailuan aurretik jartzen bagara, laster partida errazagoa egingo zaigu. Azken minutura arte borrokatu behar da, berdinketatik datozelako eta zaila izango delako. Almeria edo Sporting etorriko balitz bezala egingo diogu aurre. Hiru puntu garrantzitsu dira, eta edozein aurkarik zaildu ditzake gauzak”.
“Partida berezia da, Alcorconi maitasun handia diodalako. Kluba, Emilio Vega eta Fran Fernandez ere duela bi urte bertan egon nintzenetik ezagutzen ditut”.
IPURUA
“Ipuruara datorren taldeak jakin behar du asko sufritu beharko duela hiru puntuak eskuratzeko. Ipuruako ikusleek harritu egiten naute. Beti ari dira animatzen eta laguntzen, eta asko eskertzen da. Indarrik ez duzunean, animatzen zaituzte; euri asko egiten duenean ere, harmailetan animatzen ikusten dituzu. Hori baloratu eta eskertu egin behar da”.
SAILKAPENA
“Sailkapena ikustean hurrengo partida jokatzeko gogoa sentitzen dut. Oraindik asko geratzen da, gero dena berdinduz doa pixka bat. Espero dezagun hor jarraitzea denboraldi amaieran”.
EGOERA PERTSONALA
“Hasieran ez nengoen oso ondo, baina orain golak sartu eta taldeari laguntzeko konfiantza daukat. Horrela jarraitzea espero dut. Nire lehentasuna ez da pitxitxi geratzea, baizik eta taldeari laguntzea”.
“Klub familiarra zela esan zidaten eta horixe aurkitu dut. Denok batera goaz eta oso pozik nago hemen egoteaz. Jendea hemen nola tratatzen duten jakin izan banu, askoz lehenago etorriko nintzatekeen”.