Skip to main content
EU
Kluba

SD Eibarren udako campusa ekainaren 27tik uztailaren 9ra egingo da

Kirola egitea, hizkuntzak ikastea eta balioak sustatzea dira helburu nagusiak

Gaur aurkeztu da Ipuruan SD Eibarren udako campusaren hirugarren edizioa. Aurten ekainaren 27tik uztailaren 9ra bitartean egingo da, bi txandatan, eta helburu nagusiak kirola egitea, hizkuntzak ikastea eta balioak sustatzea da.

Lehen taldeko bi jokalari, Keko Gontán eta Ander Capa, eta campusaren babesle den IK4 Tekniker enpresako marketin-zuzendaria, Itziar Cenoz, izan ziren campusa aurkezteko ekitaldian. Bertan Gema Baqué klubeko marketin-zuzendariak azaldu zuenez, euskara izango da komunikazio-hizkuntza campusean, eta entrenamendu tekniko batzuk ere antolatu dira ingelesez jatorri britainiarreko irakasleekin. Gainera «txangoak eta dibertsio asko» ere izango dira.

Aurten, nobedade bezala, lau autobus-linea antolatu dira Durangotik, Azpeititik, Arrasatetik eta Ondarroatik Eibarrera, bidean hainbat geldialdi egingo dituztenak, Eibar inguruko udalerrietako neska-mutilen parte-hartzea sustatzeko.

Prezioa 285 eurokoa izango da aste baterako eta 470 eurokoa bi asteetarako, eta abonatuek, akziodunek, fan armaginek edo aurreko urteetako parte-hartzaileek % 10eko deskontua izango dute.

Interesatuek ekainaren 17ra arteko epea dute izena emateko, interneten bidez edo klubaren bulegoetan, eta ekainaren 22an gurasoentzako bilera informatibo bat egingo da. Bi larunbatak ate irekien jardunaldiak izango dira, eta gurasoek etortzeko aukera izango dute.

Itziar Cenozek gogorarazi zuen IK4 Tekniker eta SD Eibarren arteko harremana «duela urte asko hasi zela» eta «kirolaren balioak sustatzean eta azpimarratzean oinarritzen dela: konpromisoa, talde-lana, esfortzua».

«IK4 Teknikerren babestu eta sustatu egiten ditugu balio horiek, eta Eibarren argi eta garbi islatzen dira. Campusera etorriko diren gaztetxo horiek etorkizuna dira. Beraiek izango dira gure erakunde eta enpresen buru, eta uste dut aukera paregabea dela lankidetzan eta modu ireki baten parte hartzen ikas dezaten, futbolean jolastuz, balio horiek barneratuz eta denbora atsegin bat pasaz».

Bestalde, Jon Arregi SD Eibar Fundazioko arduradunak azpimarratu zuen campus honi esker «pertsona horien prestakuntzan laguntzeko aukera dugula, eta gainera futbolean jolasten dutela eta hizkuntzak ikasten dituztela».  «Kirol arloan gure eskualdeko liderrak izan nahi dugu eta udan alternatibak eskaini nahi dizkiegu gazteei».

«Gabonetako campusetik konpromiso handia dugu erakundeekin, eta sailburuordetzak abian jarritako Eman Hegoak Euskarari kanpainarekin bat egin dugu. Ondorioz, euskarari garrantzia handia ematen diogu campusean, ingelesarekin batera, eta konpromiso bat badago hizkuntza sustatzearekin».

Campus hau «gure prestakuntza-programaren alorrean kokatzen da. Ipuruako prestakuntza-zentroa ireki genuenean hasi zen programa hori garatzen, Euskal Herriko Unibertsitateko graduondo batekin eta Federazioko entrenatzaileentzako kirol-ikastaroekin».