Skip to main content
EU
Kluba

SD Eibarrek lankidetzarako harremanak berritu ditu Euskal Herriko Unibertsitatearekin

UPV/EHUko errektorea Ipuruara etorriko da Eibarreko instalazioetan irakatsiko den unibertsitate mailako ikastaroaren bigarren edizioa aurkeztera

Euskal Herriko Unibertsitateko Errektorea, Iñaki Goirizelaia, Ipuruako Estadiora etorri da Unibertsitatea eta Klubaren arteko lankidetza-harremanak berritu eta Futbol Kluben Kudeaketa Teknikoan Aditua ikastaroaren bigarren edizioa aurkezteko, SD Eibar Fundazioak eta UPV/EHUk elkarlanean antolatutakoa. Bertan, Amaia Gorostiza Presidenteak egin dio harrera.

Errektorearekin batera, Gipuzkoako Kanpuseko Errektoreordea, Ana Arrieta, eta Hezkuntza eta Kirol Fakultateko Kirol ataleko koordinatzailea, Maite Fuentes, etorri dira, eta lan gosari batean bildu dira Presidentea, Mikel Larrañaga Presidenteordea eta Jon Arregi SD Eibar Fundazioaren Arduradunarekin.

Bi elkarteen arteko hitzarmena berritu ondoren, SD Eibar bere estadioaren barruan unibertsitate mailako formakuntza eskaintzen duen Lehen Mailako klub bakarra izaten jarraitzen du, Ipar Harmailan kokaturiko Formakuntza Zentroko ikasgelei esker.

Vicente del Bosquek 2015eko azaroan inauguraturiko Futbol Kluben Kudeaketa Teknikoan Aditua ikastaroaren lehenengo edizioaren balantzea oso positiboa da. 21 ikasle graduatu ziren.

Aditu Ikastaroaren bigarren edizioaren aurkezpenean (izena emateko epea ireki da dagoeneko), kurtso berrirako nobedadeak zehaztu dira: karga akademikoa areagotu egingo da eta sei moduluren ordez, zortzi emango dira. Era berean, Kirol Zuzenbidean espezializaturiko gai-zerrenda egongo da eta kudeaketari buruzko alderdiak gehiago landuko dira (Marketin, Komunikazioa eta Finantzak).

Horrez gain, ostiral arratsaldetan eta larunbat goizetan emango den ikastaroan hurrengo gaiak ere landuko dira: Entrenamendua, Prestakuntza Fisikoa, Partiduen Azterketa eta Talentuaren Hautematea, Medikuntza edo Kirol Elikadura, besteak beste. Horrela, ikasleak guztiz murgilduko dira futbol talde profesional baten kudeaketa alderdi guztietan, Unibertsitateko edo Lehen Mailako euskal futbol klubetako lehen mailako profesionalez (SD Eibar bertakoak adibidez, José Luis Mendilibar edo Fran Garagarza bezalakoak) osatutako irakasleriaren eskutik.

Aditu Ikastaroa 2016ko urriaren 14an hasiko da. Ikastaroari buruzko informazio guztia hurrengo estekan ikus daiteke:  www.sdeibar.com/formacion . Era berean, link horretan bertan matrikula egin daiteke.

Iñaki Goirizelaia Errektoreak, hurrengoa adierazi du: “UPV/EHUk harreman onak eta estuak mantentzen ditu klub euskaldun guztiekin, baina lorpenik adierazgarriena SD Eibarrekin erdietsi dugu: titulu akademiko bat. Klub honek eta Hezkuntza eta Kirol Fakultateak futbola eta akademia, kirola eta jakintza lotzeko egindako lan gogorra azpimarratu nahi dut. UPV/EHU harro dago Ipuruan ere ikasgelak izateaz”.

Amaia Gorostiza ere harreman hauetaz mintzatu da. Hauek izan dira Presidentearen hitzak: “Funtsezkoa da Eibar eta Euskal Unibertsitate publikoaren arteko lankidetza. Herrialdearen etorkizunerako apustua da, unibertsitate mailako formakuntza eliteko futbol mundura hurbiltzen duelako. Aditu Ikastaroa Ipuruako Estadioaren instalazioen barnean irakastea oso garrantzitsua da. Izan ere, Ligan Unibertsitatea estadio barruan sartzeko apustua egin duen Klub bakarra gara”.