Skip to main content
EU
Kluba

SD Eibarrek hainbat jarduera antolatu ditu Liburuaren Eguna ospatzeko

Irakurtzearen garrantzia nabarmenduko dute Udal Liburutegira egindako bisita batek, liburuak sinatzeko ekitaldi batek eta hurrengo partidan Ipuruan erakutsiko den pankarta batek, «Irakurtzea, Primerakoa – Leer es de Primera» lelopean

Irakurtzeak berebiziko garrantzia du SD Eibar Fundazioak balioak zabaltzeko egiten duen lanean, batik bat gaztetxoen artean. Hori dela-eta, zenbait jarduera antolatu dira hilaren 23an (larunbata) ospatzekoa den Liburuaren Nazioarteko Egunerako, «Irakurtzea, Primerakoa – Leer es de Primera» lelopean.

Klubaren 75. urteurrenaren liburuaren argitalpenaren aitzakian, aste honetan bi jokalarik Eibarko Udal Liburutegia bisitatuko dute, Portalean, apirilaren 21ean (osteguna) arratsaldeko 18:30ean. Han, liburutegia sortu zenetik 109 urte igaro direla ospatuko dute eta 75. urteurrenaren liburua aurkeztuko dute Patxi Lejardi kultura-zinegotziarekin batera.

Era berean, SD Eibarrek liburu horren hainbat ale emango dizkio udalari, eibartar guztiek liburutegian eta udal-artxiboetan kontsultatu ahal izan dezaten. Bisita irekia egongo da etorri nahi duten neska-mutil guztientzat. Han, Ion Ansotegi eta Asier Riesgo beren jokalari armagin kuttunak ikusteko aukera izango dute. Eibarko udalak taldearen lehen jantziaren hamar elastiko zozkatuko ditu gaurtik ostegunera bitartean liburutegitik liburu bat maileguan hartzen duten pertsona guztien artean.

Bestalde, hilaren 23an (larunbata) eguerdiko 12:00etan 75. urteurrenaren liburuaren aurkezpena egingo dute El Corte Inglésen beste bi jokalarik, saltokiko liburuen atalean (hirugarren solairua). Bertaratuek liburua erosi ahal izango dute % 10eko deskontuarekin, egun horretan bakarrik, eta gainera Kike García eta Jaime Jiménezek sinatutako ale bat izateko aukera izango dute.

Amaitzeko, apirilaren 23an (larunbata) Deportivoren kontra SD Eibarrek jokatuko duen partidan, hasierako hamaikakoak irakurtzearen aldeko pankarta bat eramango du, horrek haur nahiz helduen artean duen garrantziari buruz kontzientziatzeko.