Skip to main content
EU
Kluba

SD EIBARREK eta UD Logroñesek hitzarmena sinatu dute hurrengo hiru denboraldietarako

Eibarrek gutxienez 3 jokalari eta gehienez 6 jokalari lagako dizkio Errioxako taldeari

Gaur goizeko prentsaurrekoan, Amaia Gorostiza presidenteak Fran Garagarza kirol-zuzendariarekin batera aurkeztu du Logroñes Kirol Elkartearekin sinatutako hitzarmena.  Era berean, Logroñes Kirol Elkarteko presidenteordea ere egon da ekitaldi horretan.

SD Eibarko presidenteak, Amaia Gorostizak, komunikabideen aurrean sinatu duten hitzarmenaren garrantzia azpimarratu du. “Guztiok dakizuenez, gure helburu nagusietakoa da talde hurbil-hurbilen bidez norgehiagoka guztietan ordezkaritza edukitzea. Gure taldea Lehen Mailan dagoenez, kategoria guztietan sendotu beharrean gaude. Hori dela eta, hitzarmen honek Logroñes Kirol Elkarteko egitura osoa indartzea dauka helburu, bere xedea lortzen laguntzeko: BIGARREN MAILARA IRISTEA”.

Gorostizak nabarmendu egin du zeinen garrantzitsua den mugak hedatzea Eibar marka jakitera emateko orduan. “Logroñoko biztanleen kopurua 170.000 lagunekoa da, gutxi gorabehera, eta 320.000 inguru bizilagun daude probintzia osoan. Beraz, aukera paregabea da, Eibar marka, gure balioak eta gure nortasuna hurbiletik ezagutu ditzaten. Hitzarmen honen bidez, babesle berriekin eta, nola ez, zale gorri-urdin berriekin aliantzak egiten jarraitu ahal izango dugulakoan gaude”.

Kirol-zuzendariak, Fran Garagarzak, presidenteak bezala baieztatu du hitzarmena aukera aparta dela Eibarrentzat. “Aukera ezin hobea eta oso albiste ona da. 3 urterako hitzarmena da, eta baikorrak gara, SD Eibarrek une honetan Eibarrek ez daukan eskailera eduki dezan. Oso erronka polita da, eta bete-betean lan egingo dugu”. Hitzarmen horren bitartez, SD Eibarrek bere jokalariak lagatzeko taldea edukiko du, eta neguko merkatuan berreskuratu ahal izango ditu.

Bestetik, Logroñes Kirol Elkarteko presidenteordea, Juanjo Guerreros, pozik dago talde armaginarekin lan egin ahal izango duelako. “Erabat irrikatutako hitzarmena da, 2. mailara iristerik dugun ikusteko. Oso gustura gaude Eibar Kirol Elkartearekin lan egiten, eta bi alderdientzako hitzarmen onuragarria izango delakoan gaude. Eibarrek jokalariak erakartzeko aukera handiagoa izango du, eta, gure kirol-elkartearen bidez, SD Eibar Errioxan ezartzen ahaleginduko gara”.