Skip to main content
EU
Lehen Emakumezkoen Taldea

SD Eibarrek CD Tacon garaitu du neurketa sutsu batean (2-1)

Armaginek eta madrildarrek joko ona erakutsi dute Ipurua emakumezkoen futbolarekin elkar aurkitzen zen egunean

Ipuruak emakumezkoen arteko neurketa jaso du gaur 45 urteren ostean. Luzaro itxaron behar izan da horretarako, baina Eibar eta Taconek urte guzti horiek ahaztu aratzea lortu dute jokalari zein zaletuek gozamenerako neurketa sutsua eskainiz.

Lagunarteko partidua izanez, esan daiteke emaitza ez zela garrantzitsuena gaurkoan, baina futbolaren saltsak goletan datza eta alde horretan eibartarrak izan dira garaile. 2-1 irabazi dute Felix Reciok zuzentzen dituen neskek. Ipuruako zelaian betirako markatuta geratuko den emaitza.

Partidua sustoarekin hasi da Eibarrentzat. Armaginek akats bat egin dute defentsan eta ia Taconen lehen gola suposatu du horrek. Hala ere, hortik aurrera gora joan dira etxekoak.

Lehen taldean ez dira aukera gehiegi izan. Tacoik eduki du baloiaren jabetza eta Recioren neskak kontraerasoan ezustekoa ematen saiatu dira.

Eibarren gainean zerbait aipatu behar bada, bere blokea da. Oso serio defentsan, Sara eta Ainhoa Alonsoren abiadura bilatu dute golaren bila.

Bigarren zatiko lehen minutuan baloia Sararen hanketara iritsi da, honek atezainarengana jo du eta handiek egiten duten bezala definitu du markagailuan 1-0 ipintzean.

Golaren ostean, Tacon Eibarren porteriaren bila joan da, eta honek euren defentsan zulo gehiago uztea suposatu du. Armaginek hori aprobetxatu dute eta Ainhoa Alonsok, klase izugarriarekin, atezain madrildarra driblatu eta baloia sareratu du. 2-0.

Gauak itxura ederra zeukan eibartarrentzat, baina Tacoik ez zuen bere azken hitza esan. 77. minutuan Lorena Navarrok 2-1 jarri du markagailuan eta azken minutuetan kanpotarrek arazotan jarri dituzte etxekoak.

Jessi atezain eibartarrak hainbat gelditu paregabe egin ditu partiduaren azken txanpan eta garaipena Eibarren eskuetan geratu da.

Publikoak harmailetan abesten zuen bezala, “galdu edo irabazi, emaitzak ez du garrantzi”. Eta ez, gaur emaitzak ez zeukan garrantzirik hasieratik bazegoelako irabazle bat: emakumezkoen futbola.