Skip to main content
EU
Kluba

SD EIBARREK BIDAIA BAT EGINGO DU AEB-N «Esperientzia historiko eta zoragarria izango da», zioen SD Eibarko marketin-zuzendariak

Historian lehen aldiz, talde armaginak Euskaditik kanpora joango da denboraldiaren amaieran. Klubak nazioartean hazteko aukerak bilatuko ditu.

Gaur goizeko prentsaurrekoan aurkeztu dute SD Eibarrek maiatzean egingo duen bidaia Gema Baqué marketin- eta salmenta-zuzendariak eta Fran Garagarza kirol-zuzendariak.

Baquék zioenez, «badaramagu denbora bat hainbat herrialdetako hainbat enpresarekin lanean, eta kontaktu horietatik sortu zen herrialdetik kanpora bidaiatu eta kontatzen ari gatzaizkizuen istorioa bizitzeko aukera. Elkarrizketa guzti horietan zehaztu zen GLOBAL FUTBOL PARTNERS erakunde sustatzailearen proposamena. Haiekin lanean ibili gara, eta akordio bat sinatu dugu helburu hauek lortzeko: Eibar markaren irudia hobetzea; kluba nazioartekotzea; kluba herrialde hartako akziodun, zale eta peñakideei hurbiltzea; eta esponsorizazio-aukerak bilatzea AEBn, epe ertainean».

 

Gainera, bidaia horretan Eibar ez da bakarrik egongo, Gema Baquék zioen moduan: «SD Eibarrek lankidetza-hitzarmen bat sinatu du Futbol Profesionalaren Fundazioarekin, LFP World Challenge-ren esparruan, eta zehazkiago LaLiga World-ekin. Horren bitartez, Ligak babes logistikoa emango digu eta SD Eibarren bidaiaren berri emango du AEBn nahiz nazioartean».

 

Planifikatutako ibilbidearen arabera bi partidu jokatuko dira:

-Lehenengoa maiatzaren 22an izango da Philadelphia Fury taldearen kontra, arratsaldeko 17:00etan (gaueko 23:00ak Estatuan). Partidua 5.000 ikuslerentzako lekua duen Richard Wackar estadioan jokatuko da.

-Bigarrena maiatzaren 25an jokatuko da New York Cosmos taldearen kontra, arratsaldeko 19:00etan (gaueko 4:00ak Estatuan). Partidua 36.800 ikuslerentzako lekua duen Sam Boyd estadioan jokatuko da, Las Vegasen.

 

Programaren arabera, espedizioa maiatzaren 18an abiatuko da Bilbotik New Yorkera, maiatzaren 23an Philadelphiatik Las Vegasera joango da eta, azkenik, maiatzaren 26an Eibarrera itzuliko da.

Prentsaurrekoan, Kluba nazioarteko akziodunei eta peñei hurbiltzearen garrantzia azpimarratu dute: «Eibarren kapital-zabalkuntza egin genuenean, 2014an, parte-hartze handia izan zuten herrialdeetako bat izan zen AEB eta, hori dela-eta, poz-pozik gaude hara joan eta Eibar babesten duten pertsona horiek guztiak ezagutzeko aukera izango dugulako. Gainera, Eibarrek badu peña bat AEBn, PEÑA EIBAR USA, hain zuzen ere. Lagun-talde horrek oso era aktiboan jarraitzen ditu taldearen joan-etorriak, eta espero dugu Ameriketarako bidaia honetan haiekin elkartzeko aukera izatea», esan du Baquék.

Gainera, SD Eibarrek Eusko Jaurlaritzarekin hitz egin du, Eibarko eta, oro har, Euskal Herriko diasporarekin harremanetan jartzeko. «Erantzuna oso positiboa izaten ari da bai Las Vegasen bai New Yorken, eta Eibarreko lagun eta jarraitzaileekin elkartzeko proposamenak iristen ari zaizkigu. Aukera HISTORIKO ETA ZORAGARRI baten aurrean gaude. SD Eibarrek ezin du pasatzen utzi eta posible den etekinik handiena atera behar diogu» zioen, amaitzeko, Gema Baquék.

Fran Garagarza kirol-zuzendariak bidaiaren xehetasun teknikoak azaldu ditu: «Kirolaren ikuspegitik bidaia honek aukera emango digu liga amaitu ondoren beste aste pare batez entrenatzen jarraitzeko, entrenatzaileak eta laguntzaile teknikoek nahi zuten moduan. Bestalde, erakunde bezala guretzat duen garrantziaz gain, taldearentzat onuragarria da ere gure mugetatik haratago joan eta nazioartean zabaltzea».

 

Garagarzak baieztatu zuen aurredenboraldia Estatutik kanpo egiteko asmoa dutela, lantalde teknikoak eskatzen dituen baldintzak betetzen badira: «garrantzitsua da taldearentzat eta klubarentzat, hori egiteko aukera badugu betiere. Izan ere, horrela nazioarteko beste merkatu batzuk ezagutuko ditugu eta lan egiteko beste modu bat ikusiko dugu».