Skip to main content
Fundazioa

SD Eibarrek bere Fundazioa indartuko du «Eibarko gizarteari eman digun guztiaren parte bat itzultzeko»

Beste ekimen batzuen artean, SD Eibarrek diru-laguntzak emango dizkie beste klub batzuei eta gizarte-erantzukizun korporatiboko ekintzak sustatuko ditu

There are no reactions yet. Be the first!

Amaia Gorostiza SD Eibarreko presidenteak esan du taldeak SD Eibar Fundazioa indartuko duela Eibarko gizarteari «eman digun guztiaren parte bat itzultzeko» asmoz.

Mikel Larrañaga Klubeko presidenteordea eta Jon Arregi Fundazioaren arduraduna ere izan ziren ekitaldi informatiboan, eta Amaia Gorostizak azaldu zuen Fundazioa «Klubaren parte estrategiko bat» dela, «eibartarrekin lotzen gaituen zilbor-hestea».

«Fundazioaren lan-ildoen artean, bi dira bereziki sustatu nahi ditugunak: alde batetik, beste kirol batzuetan dabiltzan Eibarko klubei laguntza eman nahi diegu (horretarako aurrekontuko sail berezi bat antolatuko da, gehienez ere 100.000 eurokoa); bestetik, GKEekin eta gizarte-alorreko elkarteekin lankidetzan aritu nahi dugu haien jarduerak sustatzeko».

Beste kirol batzuetan dabiltzan klubei laguntzeko aurrekontu-sailak 100.000 € izango ditu gehienez. Eibarko udalak herriko klubei ematen dien kantitate bera bideratzea erabaki da; horrela, klub horiek jaso behar zuten diruaren bikoitza jasoko dute.

Fundazioa 2004an sortu zen, Jaime Barriusoren administrazio-kontseiluaren agintaldian, baina ordutik 2014 amaierara arte ez zuen apenas jarduerarik izan.

Urte hartako azaroan, langileak esleitu zitzaizkion Fundazioaren zuzendaritzari, eta horrek 75. urteurreneko jardueren programa antolatu zuen, gizarte-erantzukizun korporatiboaren programarekin batera.

Gaurtik aurrera, kontseiluak beste bultzada bat eman nahi dio Fundazioari, «Klubaren eta Eibarko hiriaren alde egin dezakeen guztian sakontzeko».

Maila Juridikoan, patronatua berritu egingo da eta batzorde exekutibo bat sortuko da. Horietan taldearen intereseko gizarte-taldeak sartuko dira, adibidez peñakideak edo beteranoak, hiriko erakunde sozialekin, ongintzazko taldeekin edo kirol-elkarteekin batera.