
SD Eibarrek Atxabalpen galdu du Reala Bren aurka
Aurre-denboraldiko bigarren partidan, armaginak ez ziren markagailuan gailendu, baina sentsazio ona utzi zuten
Aurre-denboraldiko bigarren neurketa berezia zen Eibarrentzat, armaginak Erreala Brekin lehiatu behar zirelako eta Arrasateko Atxabalpeko entrenalekuan jokatzen zutelako. Zelai horretan, lehen aldiz jokatzen zen Lehen Mailako talde baten partida. Hori dela eta, zale ugari zeuden harmailetan, eta adi-adi jarraitu zuten norgehiagoka.
Irunen egin zuen bezala, Mendilibarrek bi hamaikako izan zituen, partidako zati bakoitzean ateratzeko. Lehenengo 45 minutuetan, Sansekoek zorte handiagoa izan zuten, Mauroren eskuaren ondoren epaileak penaltia adierazi eta bisitariek arratsaldeko gol bakarra sartu zutelako.
Bigarren zatian, armaginak irmoago irten ziren, eta gehiago kontrolatu zuten jokoa. Markagailua aldatzerik izan ez bazuten ere, zaleak eta Mendilibar teknikaria bera oso pozik zeuden berdegunean ikusi zutenagatik.
Norgehiagokaren ostean, SD Eibarko Toni Ruiz prestatzaile fisikoak balantzea egin zuen. “Bi partida dira, 45 minutuz jokatzea delako asmoa. Ez dugu lesionaturik eduki, eta lan-karga ona izan da. Orain, ordea, apurka-apurka batu beharra dago. Erritmoa hartu behar dute”.
Toni Ruizek jokalariak prestatzen ditu, eta, urtero, erronka horri aurre egin behar dio. “Jokalariak gero eta hobeto daude, entrenatzeko metodoak aldatu egin direlako. Partida hauetan, erritmorik badutela ikusten dudanez, pozik nago. Bilakatzen ari dira, eta, hasi berri bagara ere eta oraindik bidea luzea bada ere, orain kontzeptuak bereganatzea eta lesionaturik ez edukitzea da helburu nagusia”.
Azkenik, Ruizek honako hauxe esan du aurten lehen aldiz nazioarteko kontzentrazioa izango duen aurre-denboraldiari buruz: “guretzat oso ona da irtetea, elkar ezagutzeko eta aurkari onei esker zer puntutan gauden jakiteko”.