Skip to main content
EU
Fundazioa

SD Eibarrek asteburuan hasiko du La Liga Genuineko denboraldi berria

Ander Romaratek koordinatzen duen taldeak Tarragonara bidaiatuko du asteburuan txapelketako lehen fasea jokatzeko

Datorren asteburuan La Liga Genuineko denboraldi berri bat hasiko da eta beste urte batez, SD Eibar bertan egongo da. Joan den urtean lehen aldiz parte hartu eta gero, aurten ere, Ander Romaratek koordinatzen duen taldeak ez du hitzorduarekin hutsik egingo eta urtez urte hazten jarraitzen duen txapelketako edizio berrian egongo da.

Iaz bezala, Tarragonak hartuko du lehen fasea, azaroaren 16aren eta 17aren artean. Nastic izango da antolatzailea. Genuine Ligak formatu berdina izaten jarraituko du: lehen fasean izena eman duten 36 taldeak bilduko dira; eta bigarrenean eta hirugarrenean, aldiz, bi egoitzatan jokatuko dira partidak.

Eibar Genuine ostiralean abiatuko da Katalunia aldera. Guztira hiru norgehiagoka jokatuko dituzte. Larunbatean Koruñako Deportivoren aurka arituko dira goizean, eta arratsaldean, berriz, RCD Mallorcaren aurka jokatuko dute. Igandean, bestalde, azken neurketa izango dute Elcheren kontra, Eibarrera itzuli aurretik.

Ander Romaratek, SD Eibar Fundazioko futbol inklusiboaren arduradunak, aitortu du txapelketari ekiteko “gogoz” dela taldea. “Iaz baino entrenamendu gehiago egin ditugu eta momentuz jasotzen ari garen feedback-a oso positiboa izaten ari da”. Eibarrek entrenatzaile berria du, Andoni Igartua. “Jokalariak ondo egokitu dira entrenatzaile berriari” adierazi du Romaratek.

Eibarko futbol inklusiboaren arduradunak argi ditu lehen fase honetarako erronkak. “Gure helburua lehengo urtean ikasitakoa islatzea da. Horrez gain, jokalari berrien integraziorako garrantzitsua izango da lehen fase hau”. Bere esanetan, guztiaren gainetik bada ezinbestekoa dena, “ondo pasatzea”. Helburu horrekin abiatuko dira armaginak La Liga Genuineko lehen fasea jokatzera.

LEHEN FASEKO NEURKETAK

Larunbata, azaroak 16 (12:00): Deportivo-Eibar

Larunbata, azaroak 16 (19:00): Eibar-Mallorca

Igandea, azaroak 17 (10:00): Elche-Eibar