Skip to main content
EU
Fundazioa

SD Eibarrek bat egingo du autismoaren sentsibilizazioaren aldeko "argiztatu dezagun urdinez" kanpainarekin.

Datorren apirilaren 2an Autismoaren Nazioarteko Eguna ospatuko da, hau dela eta, Klubaren Fundazioak kontzientziazio kanpaina bat jarri du martxan, kolektibo honen inguruko aurreiritziak baztertu eta euren gaitasun bereziei balioa emateko asmoz.

SD Eibarrek, bere fundazioaren bitartez, eta AprendeTEA euskal elkartearekin elkarlanean, Autismoaren kontzientziazio kanpaina bat jarri du martxan apirilaren 2ko Autismoaren Nazioarteko Eguna dela eta.

Honela, Klubak sare sozialetako #iluminemosdeazul ekimenarekin egingo du bat eta Ipurua estadioa urdin-koloreko bihurtu du sinbolikoki, Autismodunen familien kolektiboaren aldarrikapenaren kolorearekin bat eginez.

Kanpaina Ipuruako bideomarkagailuan ikusi ahal izango duzuen bideo baten proiekzioarekin amaituko da, apirilaren 3an jokatuko den Rayo Vallecanoren aurkako partidaren atsedenaldian. Bideo honetan Eibarko jokalaria izan zen Xabi Alonso, Pep Guardiola edo Pepe Reina bezalako futbol munduko pertsonek hartu dute parte, Nazioarteko Sentsibilizazio Kanpainaren barruan.

Bestalde, Klubak hainbat sarrera oparitu ditu autismodun umeek eta euren familiek partiduaz gozatu eta bizipen ezberdin bat izan dezaten. Horrez gain, datozen asteetan estadioa ezagutzeko bisita gidatu bat izango dute eta taldeko jokalariekin egoteko aukera ere bai.