Skip to main content
EU
Kluba

SD Eibar Gipuzkoako Aldundiarekin elkarlanean errendimendu altuko kirolariei laguntzeko programan

Ekimena Kirolgiren bitartez garatuko da eta Real Sociedad Fundazioaren, SD Eibar Fundazioaren eta Ibiliz bezalako erakundeen babesa izango du

Kultura eta Kirol Sailak Gipuzkoako goi-mailako kirolarien aldeko programa jarriko du martxan 2017an talentua sustatu, euren lehiatzeko baldintzak hobetu, eta euren kirol karreretan ahalik eta emaitza onenak lortzen laguntzeko helburuarekin.

Ekimen honek detektatu diren behar eta gabeziei egiten die aurre, kirolariak lehiatzean bakarrik zentratu daitezen. Kasu askotan ez da bakarrik arlo ekonomikoari begira izango.

Behar eta gabezia hauei aurre egiteko, Kultura eta Kirol Sailak kirolariei laguntzeko lerro bat diseinatu du Kirolgi Fundazioaren bitartez eta beste erakunde batzuen parte hartzearekin. Horrela, zerbitzu eta laguntza sorta zabala eskainiko da.

Lehenengo fase honetan Real Sociedad Fundazioaren, SD Eibar Fundazioaren eta Ibilizen laguntza izango du proiektuak. Laguntzak eskatzeko deialdia 2017ko otsailean hasiko da eta, bertan, goi-mailako kirolariek, olinpikoek, nazioarteko selekzioetako kideek eta Gipuzkoarentzat erreferente izan eta Eskualdearen marka kanpoan proiektatzen duten kirolariek eman ahal izango dute izena.