Skip to main content
EU
Fundazioa

SD Eibar Fundazioak “Euskararen baloia” egitasmoaren edizio berri bat jarri du abian

Aurten, Eibarko haurren artean euskararen erabilera sustatzeko ekimen honek Armeria Eskolaren babesa izan du

SD Eibar Fundazioak, Armeria Eskolarekin elkarlanean, Euskararen baloia egitasmoaren hirugarren edizioa jarri du abian, Eibarko haurren artean euskararen erabilera sustatzeko helburuarekin.

Proiektua 2019an sortu zen, eta 2021ean itzuli zen, pandemiaren ondorioz urtebete geldirik egon ondoren. Debabarreneko umeei zuzenduta dago, eta kirolaren bidez hizkuntzaren erabilera sustatzea du helburu.

Aurtengo edizioan, nobedadea Armeria Eskolaren parte-hartzea da, ekimen honen protagonista den baloiaren diseinuan eta ekoizpenean parte hartu baitu.

Euskararen Baloia ekimenak Ipuruako obretan aurkitutako baloi baten istorioa kontatzen du. 1899an auzoko bizilagunek Andres Gorosabeli eskatu zioten baloi hori, eta honek mandatua onartu zuen baldintza batekin: Eibarko haurrek baloi hori erabiltzeko euskaraz aritu behar ziren.

Gorosabelen lekukoa hartuta, klubeko hainbat kidek, besteak beste, gizonezkoen eta emakumezkoen lehen taldeko jokalari eta entrenatzaileek, baloi horren historia bikaina kontatzen diete ikasleei.

Edizio honetako lehen bisitan, La Salle eta Aldatze izan ziren protagonistak, eta, prentsa aretora joan aurretik, bisita gidatua egin zuten Ipuruako espazioetan.

Egun horretan bertan, SD Eibar Fundazioko eta Armeria Eskolako arduradunen arteko lankidetza-hitzarmena sinatu zen.