Skip to main content
EU
Fundazioa

SD Eibar Fundazioak 2016-2017 denboraldirako ikastaroen irekiera ekitaldia egin du

Gaurtik aurrera Ipar Tribunako ikasgeletan Entrenatzaile Ikastaroa eta Futbol Taldeen Kudeaketa Teknikoan Aditua Ikastaroaren bigarren edizioa eskainiko da

Gaur arratsaldean SD Eibar Fundazioak antolatu eta kudeatzen dituen ikastaroen irekiera ekitaldia egin da Ipar Tribunako ikasgeletan. Aurten, ondoz ondoko bigarren urtez, Klubak entrenatzaile titulua eskuratzeko aukera eskainiko du, Gipuzkoako Futbol Federazioarekin lankidetzan, eta Futbol Taldeen Kudeaketa Teknikoan Aditua Ikastaroa, Euskal Herriko Unibertsitatearekin elkarlanean. Horrela, Eibarrek bere estadioaren barruan, berritutako tribuna batean, heziketa ikastaroak eskaintzearen aldeko apustua  finkatzen du.

Irekiera ekitaldian erakunde armagineko Amaia Gorostiza Presidentea, Joseba Unamuno eta Mikel Larrañanga Presidenteordeak eta Jon Ander Ulazia Fundazioaren Kontseilari eta Presidenteordea izan dira, Federazioko Jose Luis Txakartegi (Ikasketa Burua) eta Egoitz Mendizabal (Idazkaria), eta Maite Fuentes EHUko Kirol eta Hezkuntza Fakultateko Dekanoarekin batera.

Presidenteak adierazi duenez, denborarekin heziketa-proiektua finkatzen ari da. “Harro gaude zuek guztioi ongi etorria eman ahal izateaz. Horrek pasa den denboraldian hasi zen proiektu hori sendotzen doala esan nahi du. Etorkizunean Lehen Mailako estadio baten harmailaren parte den eraikuntza honen ikasgeletatik eskualdeko eta estatu osoko entrenatzaileak eta kudeaketan adituak ateratzea espero dugu. Ikastaro hauek eskualde zein estatu mailan ate ugari zabal diezazkizuela opa dizuegu, horrek geure xedeak ondo bideratu ditugula esan nahiko baitu”.

Maite Fuentes Kirol eta Hezkuntza Fakultateko Dekanoak, bere partez, Eibarri egindako elkarlana eskertu dio. “Eskerrak ematen dizkiot SD Eibarri eta zuek guztioi funtsezkoa den heziketa-proiektu honetan parte hartzeagatik. Pasa den urtean ikastaroak bukatzean esan genuen dagoeneko: futbol talde bat geure eremuan dauden espezialitate guztien jakintza teknikoa bateratzeko helburuarekin hurbildu zaigun lehenengo aldia izan da. Eibar izan da jakintza hori bildu ahal izan duena, jakintza-alorrarteko modulu hauetan. Ikastaroetara area bakoitzeko hoberenak ekartzen saiatuko gara eta, hortik aurrera, Eibarrekin lanean jarraituko dugu, klub bezala eta kirol ideologian eredua delako”.