
SD Eibar entrenamenduetara itzuli da jokalari guztiekin
Ligako geldialdiaren ondoren, armaginek igandeko partida prestatzen dute, Granadaren aurka
SD Eibar gaur bueltatzen da entrenamenduetara, 17:00etan Atxabalpen, jokalari guztiekin, pasa den astean Fran Rico, Nano eta Anaitz Arbillaren fitxaketak itxi eta gero.
Hiru jokalari berriek Eibarren elastikoa jartzeko aukera izan zuten osteguneko lagunarteko partidan eta baita sentsazio onak utzi ere. Barredan (Kantabria) jokatu zuten, Gijóngo Sportingen kontra, eta neurketa 1-1eko emaitzarekin bukatu zen.
José Luis Mendilibarren agindupean, taldeak asteartea, asteazkena, ostirala eta larunbatean egingo du lan Atxabalpen 10:30etan. Ostegunean atseden hartuko du.
Armaginak larunbat arratsaldean abiatuko dira Granadara eta igandean 18:15etan jokatuko dute. Aurreko denboraldietan, Eibarrek berdinketa bat eta garaipen bat lortu ditu zelai horretan.
Neurketa honetan, taldeak puntuak gehitzen jarraitzea bilatuko du, bigarren jardunaldian Ipuruan Valentzia mendean hartu eta gero (1-0 Pedro Leónen golarekin); Eibarrek Lehen Mailan Valentziari irabazten zion lehenengo aldia izan zen hori.
Eibartarrek Coruñan ekin zioten ligari, 2-1eko porrotarekin, nahiz eta markagailuan aurretik jarri Ivan Ramisen golari esker. Horrela, Riazor zelai eskuraezina izaten jarraitzen du armaginentzako, azkeneko hiru denboraldietan ez baitira handik punturik ekartzeko gai izan.