Skip to main content
EU
Lehen Emakumezkoen Taldea

SD Eibar Emakumeen Euskal Kopa irabazteko zorian izan zen

Armaginek penalti-jaurtiketetan galdu zuten Añorgaren kontra

Añorgak lortu zuen XXI. Euskal Kopa Eibarri penalti-txandan irabazita, partidua banakoarekin amaitu eta gero.

Lehen zatia astuna izan zen eta ez zen ia gol-aukerarik sortu, baina bigarren zatian Maialen Vegak gol eder bat lortu zuen Añorgarentzat 56. minutuan baselina batez. Armaginek luzapenean berdindu zuten norgehiagoka, Anegaren gol puska bati esker.

Lehen zatian lehia bizia izan zen, baina futbolaren muina, hau da, golak, ez ziren inondik agertu, ez eta aukerak ere, bi taldeak ez baitziren arrisku handirik sortzeko gauza izan. Defentsak ondo baino hobeto ibili ziren erasotzaileen saio gehienak bertan behera uzten. Hala ere, egia da Añorgak jokoaren kontrol handiagoa izan zuela eta talde horrek izan zituela bi aukerarik onenak. Hamargarren minutuan, Carton area barrura sartu zen ezkerretik ihes eginda, alboko sake baten ondoren, baina Iratxek kornerrera urrundu zuen haren jaurtiketa. Lehen zatiko azken jokaldian, Vegak izan zuen aukera eder bat, Iratxeren aurrean geldituta, baina atezainak jokaldia gelditzea lortu zuen.

 Bigarren zatian, Añorga indarrez irten zen berdegunera. Bosgarren minutuan, Cartonek baloi bat harrapatu zuen area ertzean korner baten ondoko aldaratze batzuen ostean, eta bere jaurtiketak parabola bat egin eta langa jo zuen.  Añorgatarren bigarren denborako hasiera hobeak saria izan zuen 56. minutuan. Olatzek ateratako ateko sake bat Irunek buruz jo eta Maialen Vegak jaso zuen. Atzelariei gailendu zitzaien eta 1-0ekoa lortu zuen baselinaz. Beren aldea handitzeko aukera izan zuten etxekoek 60. minutuan, Izaskunek jaso nahi zuen sakoneko baloi batekin. Naiarak lasartearraren jaurtiketa galarazi zuen, susto eta guzti, baloia urruntzean ia bere atean gola sartu zuen-eta.

 Eibar berriz ere suspertzen saiatu zen, eta berdinketaren bila joan zen aldaketak eginez eta lerroak aurreratuz, baina arrisku handiena Añorgak sortzen zuen. 68. minutuan, Leire Manterolak jokaldi txukuna egin zuen eskuin hegaletik, eta Maialen Vegaren jaurtiketa gutxigatik joan zen kanpora. Armaginak ahalegintzen ziren, baina 73. minutuan Haizea Lombak, baloia buruarekin ukitu arren, ezin izan zuen Ainhoa Alonsok eskuinetik egindako erdiraketa errematatu. Pixka bat geroxeago, 75. minutuan, Larrusek beste behin eskuinetik baloia erdiratu eta gero, Maitanek kontrol txarra egin zuen eta Olatz atezaina azkar ibili zen baloia bereganatzeko.

 Añorgak beste bi aukera izan zituen azken ordu laurdenean, eta bazirudien armaginen saio ahulak kontrolpean zituela, baina luzapenean Anegak izugarrizko gol ederra sartu zuen urrunetik Olatz gainditu zuen jaurtiketa batekin. Ondorioz, penalti-jaurtiketetan erabakiko zen Kopako txapelduna.

Aurtengo Kopan, pozak baino ez dizkiote ekarri penalti-jaurtiketek Añorgari, eta finalean ere hala behar zuen. Etxeko lau jaurtitzaileek ez zuten huts egin eta Olatz berriz ere protagonista izango zen, armaginen bi penalti geldituta. Azkenean, poza nagusitu zen añorgatarren artean etxera beste Euskal Kopa bat eramanda -bi aldiz geratu dira txapeldun eta beste bi txapeldunorde azken lau urteetan, guztietan finalera iritsi eta gero- eta armaginek berehala ahaztu zuten hasierako tristura, arazo fisikoak eta bajak gora behera txapelketan erakutsitako maila ona gogoratuz. 

SD Eibarrek eskerrak eman nahi dizkio taldea animatzera etorri eta partiduan zein penalti-txandan babestu gure neskak babestu zituzten guztiei. Eskerrik Asko!!

Añorga: Olatz, Maialen Goiko,  Larra (Inés, min.88), Gantxegi, Saioa, Urruzola,  Gabri, Carton (Alonso, min.66), Izas (Kattalin, min.80), Maialen Vega e Ibar (Leire Manterola, min.66).

Eibar: Iratxe, Naiara, Olatz, Alaitz, Irune (Juaristi, 80. min.), Larrus (Anega, 85. min.), Melani (Ariane, 55. min.), Alonso, Maitane, Irati Lazkano (Yaiza, 48. min.) e Miren San Martin (Haizea Lomba, 57. min.).

Golak: 1-0 (56. min.) Maialen Vega; 1-1 (90+2 min.) Anega. 4-3 nagusitu zen Añorga penalti-jaurtiketetan.