Skip to main content
EU
Lehen Taldea

Sarrerak doan emango dira elikagaien eta jolasen truke Sportingen eta Levanteren aurkakoetan

Eibarrek aste honetan Ipuruan jokatuko dituen neurketa biek kutsu solidarioa izango dute. Izan ere, ostegunean Sportingen aurkako Kopako final hamaseirenetako itzuliko neurketan eta igandean Levanteren aurkako Ligako norgehiagokan Klubak sarrerak banatuko ditu Ipuruara elikagaiekin zein jolasekin etortzen direnen artean.

Talde armaginak Gijongo Sporting hartuko du ostegunean, 18:30tan hasita, Kopako final hamaseirenetako itzuliko partiduan. Sarrerak 10 eurotan erosi daitezke webgunean zein bulegoetan. Horrez gain, Eibarrek sarrerak doan banatuko ditu Ipuruara elikagai ez galkorren kilo bat gutxienez ekartzen dutenen artean. Horretarako, astean zehar bulegoetan zein partidu egunean 1B lehiatilan elikagaiak utziko ahalko dira, eta horren truke sarrera bana eskuratu, Gipuzkoako Elikagai Bankuarekin batera egindako ekintzan.

Era berean, Eibarrek igandean Levante hartuko du etxean, 12:00tatik aurrera, eta sarrerak salgai daude jada webgunean zein bulegoetan (20€ helduetan eta 10€ gazteetan). Neurketa honetarako Klubak, Gurutze Gorriarekin batera, jolas berri bat ekartzen duetenei bina sarrera emango die doan, partiduaz gozatu dezaten. Interesa dutenek bulegoetatik pasa behar dute, 10:00tatik 13:00tara eta 16:00tatik 20:00tara.