
Esperantzazko puntua Getafen
Eibarrek berdinketa baliotsua lortu du Getafen, Lehen Mailan jarraitzeko esperantza bizirik mantentzen duena liga amaitzeko jardunaldi bakarra geratzen denean.
Armaginak zurrun xamar irten ziren zelaira eta Getafe nagusi izan zen hasiera batean, gol-aukera gutxi sortuz hala ere.
Pedro Leónek bi hegaletan sortu zuen arriskua, eta ezkerraldetik egindako saiakera batean, Freedy Hinestrozari utzitako baloiak sare barruan amaitu zuen. 33. minutua zen eta momentu hartan Eibar Bigarren Mailan zegoen matematikoki, gainontzeko zelaietako emaitzak zirela eta.
Zorionez, eibartarrek azkar erantzun zuten, berdinketaren gola eginez. Javi Larak ateratako kornerra Raúl Navasek errematatu zuen, eta haren aldaratzea ate barrura bidali zuen Borjak buruz. Eibarrekin sartutako lehen gola zen beretzat, Getaferen goletik hiru minutu pasa zirenean.
Atsedenaldia iristear zela, Manuk zelaitik atera behar izan zuen esku-ohean etzanda, lesio muskular bat zela eta. Saúlek hartu zuen haren tokia.
Atsedenaldiaren ostean iritsi ziren Eibarren minuturik onenak, partiduaren jaun eta jabe zen eta gola sartzeko aukerak izan zituen. Aipatzekoa Mikel Arruabarrenak 53. minutuan izan zuena, Didac Vilák utzitako baloia zutoinera bidali zuenean.
Minutuak aurrera joan ahala, biek ala biek ez arriskatzearen bidea hautatu zuten eta norgehiagoka berdinketan amaituko zela nabaria zen, Getafe Lehen Mailan mantentzen zuen emaitza eta Eibarri azken jardunaldian aukerekin jarraitzea ahalbidetzen ziona.
Hamaikakoak:
Getafe: Guaita; Alexis, Naldo, Velázquez (Vigaray, min.83), Escudero; Juan Rodríguez, Lacen; Pedro León, Castro (Alex Felip, min.90+2), Freddy; eta Babá (Ivi, min,66).
Eibar: Irureta; Bóveda, Lillo, Navas (Añibarro, min.76), Dídac Vilà; Borja (Boateng, min.90), Errasti; Capa, Arruabarrena, Javi Lara; eta Manu (Saúl, min.44).
Golak: 1-0, min.33: Freddy. 1-1, min.36: Borja.
Epailea: Clos Gómez (komite aragoarra). Txartel horiak: Borja eta Dídac eibartarrei.
Gertakariak: Eibarko jarraitzaile ugari zelaian, partiduari berotasuna eman ziotenak eta Getafeko zalegoarekin laguntasunezko giroa sortu zutenak.