Skip to main content
Lehen Taldea

Primerako puntua bolada txarrarekin amaitu eta helburutik gertuago egoteko

Denboraldian lehen aldiz, Eibarrek puntuak eskuratu ditu partida galtzen hasi arren

There are no reactions yet. Be the first!

Eibarrek balio handiko puntua eskuratu du Vallecasen, jaitsiera postuekiko zuen distantzia mantentzen laguntzen duena, Rayori goal average-a irabazteko balio duena eta 4 porroteko bolada txarra puskatzen duena.

Berdinketa honekin, talde armagina mantentzearen helburutik gertuago aurkitzen da, Liga amaitzeko bederatzi partida gelditzen diren honetan.

Norgehiagoka ez zen ongi hasi eibartarrentzat, eta Rayoren menpe izan ziren lehen minutuetan. 7.ean, baloi geldien madarikazioa agertu zen berriro ere, eta Rayoren kornerra Zé Castrok buruz bidali zuen sarera, Asier Riesgok ukitu bai baino gelditu ezin izan zuena.

Jémezen taldeak izan zuen beste aukeraren bat, baina Eibar partidari neurria hartzen hasi zen pixkanaka. 23.ean, Escalantek, atzetik etorrita, Juncàren pasea buruz errematatu zuen, baina baloiak langa gainetik aldegin zuen.

Protagonista berberek, jokaldi berdina burutu zuten 35.ean, kasu honetan gola aurkituz. Radosevic-ek zelai erdian azkar ateratako faltaren ostean, Juncàren pasea sarera bidali zuen Escalantek burukada pikatu baten bidez.

Bigarren zatia hasi besterik egin ez zenean, Borjaren erremate pikatua kanpora joan zen.

Bigarren zatian ez zen inor nagusitu, eta aukera gutxi baina sakontasun gehiago izan zuen talde armaginak. Golaukera onena 78.ean iritsi zen, non Caparen korrikaldiak eta paseak ez zuten deusetarako balio izan, posizio bikainean zen Borjari ez baitzitzaion egoki iritsi Anderren pasea.

Sergi Enrichen sarrerarekin garaipena bilatu zuen Mendilibarrek, hala ere, minutu batzuk geroago Radosevic kaleratua izan zen bigarren txartel horia ikusi ostean. Partida osoan zehar oso aktiboki aritu zen Josip lanean, baina 85.ean taldea bat gutxiagorekin utzi zuen, beraz, Mendilibarren helburu bakarra berdinketa izan zen handik aurrera.

Rayok amaierara arte estutu zuen Eibar, berdinketa emaitza kazkarra zela konturatuta. Azken jokaldian, korner batean, Llorente gola egiteko puntuan izan zen, baina bere burukada ederki deuseztatu zuen Riesgok, baloia bere eskuetan irmoki mantenduz, bere taldeari puntua emanez.