Skip to main content
EU
Lehen Taldea

Porrot mingarria Levanteren aurka (0-1)

De Frutosek atsedenaldiaren atarian sartutako golak Eibar zigortu du

Eibarrek Levanteren aurka galdu du Ligako 30. jardunaldian. Armaginek porrot mingarria jasan dute eta mailari eusteko borrokatik urrundu dira. Jorge de Frutosek atsedenaldiaren atarian sartutako gol batek valentziarren alde erabaki du neurketa. Taldea behin eta berriro ahalegindu da, baina denboraldiko bosgarren garaipena lortu ezinik jarraitzen du.

Armaginek joko ausarta egin dute lehen zatian, Levanteren baloiaren irteera ito duen presio aurreratuarekin. Eibartarren ahaleginak urrutiko jaurtiketetan islatu dira. Arbillak eta Inuik saiakera ezberdinak egin dituzte. Sergi Enrichentzat izan da abagunerik argiena, zoritxarrez bere errematea atzelari batean jo eta aldaratuta irten da. 

Hala ere, Levantek hartu du aurrea lehen zatiko luzapenean. Yoelek ezin izan du Jorge de Frutosen errematea eragotzi. Bisitarien gola, atsedenaldiaren atarian, kolpe latza izan da taldearentzat.

Mendilibarren taldea gogotik ahalegindu da bigarren zatian norgehiagoka berdintzeko. Erdiraketak, iritsierak, jaurtiketak, baina ez da bisitarien defentsa sartzeko modurik izan. Porrot honekin Eibar sailkapeneko azken postuan da eta azken zortzi partidei huts egiteko aukerarik gabe egin beharko die aurre.