Skip to main content
EU
Lehen Taldea

Porrot mingarria Kanaria Handia Estadioan

Eibarrek Las Palmasen galdu du, azken segundoetan egindako penalti baten ondorioz

Aurreko astean Ipuruan bukaera zoriontsua izan eta gero, SD Eibarrek txanponaren beste aurpegia bizi du gaur eta azken segundoetan galdu du, penalti baten ondorioz.

Lehen zatian, UD Las Palmasentzat izan da gehienbat baloiaren jabetza, armaginek hasieratik presio altua egin duten arren. Quique Setiénen mutilak eroso sentitzen ziren baloiarekin eta ondo zaintzen zuten, baina Eibarrek, ideiak argi zituen, defentsan serio ageri da eta ez die Kanarietakoei arrisku handiegirik sortzen utzi.

UD Las Palmasek baloiaren jabetza zuela eibartarrak erasora ateratzen ziren baloia lapurtu bezain laster. Lehenengo 45 minutuak intentsitate handikoak izan dira eta talde biak aukerak izan dituzte.

Bigarren zatian, nekea ageri da eta norgehiagokaren intentsitatea jaitsi da. Etxekoek baloiaren jabetza handiagoa zuten bitartean, Eibarrek gora egin du eta markagailuan aurreratzeko hainbat abagune izan ditu Kike Garcíaren oinetan eta gutxigatik kanpora joan den Escalanteren burukadan.

Neurketan dena eman eta gero, jokalariei indarrak agortu zaizkie, partida moteldu da eta, berdinketan bukatuko zela zirudienean, Eibarrek falta bat egin du area ertzean. Aldaratzean ez da baloia irmoki urruntzeko gai izan eta, azkenean, jokaldia Las Palmasen aldeko penaltian bukatu da. Hamaika metroetatik, Jonathan Vierak ez du barkatu eta garaipena eman die Kanariarrei. Amaiera garratza Eibarrentzat eta bere taldea bultzatzeko uhartera hurbildu diren jarraitzaileentzat.