Skip to main content
EU
Lehen Emakumezkoen Taldea

Porrot gogorra jaso zuen Eibarren emakumezko taldeak Bilbon

Armaginek 5-0 galdu zuten San Ignacioren kontra bigarren jardunaldian

Hasierako jardunaldian garaipen garrantzitsua lortu eta gero, Eibarren emakumezko taldeak 5-0 galdu zuen Bilbon San Ignacioren aurka.

Etxekoak hobeto sartu ziren partidura, erasoan kementsu, eta laster aurreratu ziren markagailuan. Eskuin hegaletik jokaldi dotore bat egin ondoren, bilbotarrek erdiratu eta atzelari armaginek, baloia urruntzeko asmoz, euren atera bidali zuten. Ezer gutxi egin ahal izan zuen Iratxe atezainak.

Dena den, handik eta zortzi minutura, eibartarrek aukera ederra izan zuten neurketa berdintzeko, Marren banakako jokaldi baten bitartez. Aurrelariak area ertzean baloia hartu eta jaurtiketa gurutzatu bat egin zuen, baina ederto erantzun zion Maitane atezainak, pilota kornerrera urrunduz.

Armaginek lanean jarraitu zuten eta aurkariaren atera hurbildu ziren hainbat korner lortuz, baina ez zituzten aprobetxatu. Minutu batzuk beranduago, “Sani”k nagusitasuna berreskuratu zuen eta falta jaurtiketa paregabe baten bitartez, 2-0koa egin zuen.

Hori gutxi balitz bezala, Estik min hartu zuen eta entrenatzaile eibartarrak Naiara Lete sartu behar izan zuen bere ordez. 30. minuturako, Eibarrek bi aldaketa agortu zituen eta lehen zatiko azkeneko minutuak hamar jokalarirekin jokatu behar izan zituen, lesio berri baten ondorioz; kasu honetan, Oihanerena.

Bigarren zatian, Melanik Oihane ordezkatu zuen. 3. minutuan, tartea murrizteko aukera garbia izan zuen Eibarrek korner jaurtiketa batean, baina langak Ainhoa Alonsoren gol olinpikoa saihestu zuen. Handik eta oso gutxira, Ainhoak berak kanpora jaurti zuen. Norgehiagokak erritmoa galdu zuen beroaren ondorioz eta “Sani”ren jokalari batek ere zelaia utzi behar izan zuen min hartuta.

Etxekoek arriskua sortzen zuten. Nabarmentzekoa da 65. minutuan eskuinetik ateratako korner jaurtiketa batean egindako estrategiazko jokaldia. Horrela, 73. minutuan 3-0koa iritsi zen: etxekoen jaurtiketak zutoinarekin egin zuen topo, baina aldaratzea aurrelariari joan zitzaion eta baloia sarean bukatu zen.

Gol honek lur jota utzi zituen armaginak eta azken minutuetan bi gol gehiago jaso zituzten.

 

San Ignacio: Maitane, Laura Berezo, Rodri, Yasmin, Herrero, Sandra, Naira, Laura García, Maitane (Eva, min 63), Naia (Nekane, min 51) eta Ziortza (Maialen Izagirre, min 74).

 

Eibar: Iratxe, Usoa, Olatz, Alaitz, Esti (Naiara, min 33), Larrus (Irati Uriarte, min 13), Oihane (Melani , min 46), Basterra, Alonso, Sara (Haizea Lomba, min 59) eta Mar.

 

Golak: 1-0 (min 4) bere atean; 2-0 (min 25) Sandra; 3-0 (min 73) Naira; 4-0 (min 76) Nekane; 5-0 (min 85) Yasmin.