Skip to main content
EU
Lehen Taldea

Pedro Leónek bere Ipuruako estreinaldian sartutako golari esker hiru puntuak eskuratu ditu Eibarrek

Armaginek lehen aldiz irabazi diote Valentziari Ligan, hiru porrot eta berdinketa baten ostean

Bere estreinaldiko partidan Ipuruan, Pedro Leónek gola egin zuen eta Eibarrek hiru puntuak eskuratu zituen. Armaginek estu eta larri ibili ziren lehen zatian, baina atsedenaldia eta gero indartsu atera ziren berdegunera.

Lehen zatian, Valentziak arrisku handia sortu zuen hegaletatik eta eurentzat izan ziren aukerarik garbienak. Sarritan iritsi ziren Asier Riesgoren ate ingurura, baina honek ezin hobeto erantzun zuen. Partiduko jokalari nabarmenetakoa izan zen atezain eibartarra, meritu handiko geldituak eginez.

Valentziarrak, ordea, ez ziren ate aurrean fin ibili eta kale egin zuten hainbat abagunetan.

Aldageletara joan baino lehen, Eibar gola egiteko oso hurbil egon zen, korner jaurtiketetan egindako bi burukaden ostean.

Bigarren zatian, armaginek euren jokoa hobetu zuten, defentsa sendotuz eta erasoan arrisku gehiago sortuz.

Horrela, 61. minutuan, epaileak penaltia adierazi zuen, Aymen Abdennourrek baloia eskuarekin ukitu eta gero. Ryanek Pedro Leónen jaurtiketa igarri eta baloia atera zuen, baina aldaratzea Pedro Leónek berak jaso zuen eta neurketako gol bakarra sartu zuen.

Hortik aurrera, Valentzia berdinketaren bila joan zen, baina talde serio batekin egin zuen topo. Eibarrek zelai guztian presioa eginez eta kontraerasoa bilatuz minutuak pasatzen uzten joan zen eta ez zioten arriskurik sortu.

Luzapen denboran, Asier Riesgo berriro ere adi ibili zen eta maisutasunez irten zen gola saihesteko. Orduan, poza iritsi zen Ipuruara eta zaleek denboraldiko lehenengo hiru puntuak eta Valentziaren aurkako lehenengo garaipena Ligan (taldeak orain arte hiru porrot eta berdinketa bat baino ez zituen lortu euren kontra) ospatzen hasi ziren.