
Pedro León "Mendilibarrek nirekiko interesa zuela jakin nuenean, ez nuen inongo zalantzarik izan bere esanetara jartzeko"
Pedro León gaur goizean aurkeztu dute komunikabideen aurrean. Murtziako jokalariak bi denboralditarako kontratua sinatu du Eibarrekin
Mikel Larrañaga presidenteordeak ongietorria egin dio Pedrori, eta Eibarren balioak azaldu dizkio komunikabideen aurrean "Seguru nago Ipuruakoak baino glamour handiagoa duten aldagelak ezagutzen dituzula, baina nabarmentzekoa da Eibarren balio batzuk ditugula, besteak beste, umiltasuna, sakrifizioa eta bizikidetza. Bermatzen dizut, hala ere, oso eroso egongo zarela. Guk, beste ezeren gainetik, zu zoriontsua izateko egingo dugu lan".
Fran Garagarza kirol-zuzendariak fitxaketa honetan entrenatzaileak izan duen garrantzia onartu du "José Luis Mendilibarrek zerikusi handia izan du honekin. Pedro bezalako jokalari bat gure artean eduki ahal izatea zoriontzeko modukoa da. Oso albiste ona guretzat".
Garagarzak jokalariaren ezaugarriak goraipatu ditu "Hiru aldiz hitz egin dut berarekin, eta harrituta geratu nintzen bere izaerarekin eta umiltasunarekin. Geldikako jokaldietan esperientzia eta eskarmentua emango dizkigu jokalari honek". Azkenik, kirol-zuzendariak fitxaketari buruzko esamesak argitu nahi izan ditu "Esaten ari diren gauza horiek gezurra dira, Eibar ahal duena ordaintzen ari da. Eta ziurtatzen dizuet Pedro jolasten jarraitzeko irrikan dagoela. Kontuan izan behar da beste aukera asko izanda ere, Eibarrera etortzea erabaki duela".
Pedro Leónek Eibarrera etortzeko gogoa zuela berretsi du "Banituen beste aukera batzuk, oso tentagarriak, gehienbat ekonomikoki, baina klub umil eta xume batera nator, hazteko gogoa duen talde langile batengana. Eta, batzuek talde handiagoetatik natorrela pentsa badezakete ere, gose handiarekin nator. Oso ondo ezagutzen dudan entrenatzaile batengana nator, eta buru-belarri lan egiteko gogoa izango ez banu, ez nintzen etorriko".