
Partida ona jokatu du Eibarrek Sevillan, baina punturik gabe itzuli da bertatik
Armaginen joko ona ez da nahikoa izan Llorenteren lehen zatiko golari erantzuteko
Eibarrek ez du fruiturik lortzerik izan nahiz eta joko ona erakutsi duen, 1-0 galdu du Sevillaren aurka, eta partidaren zati handi batean nagusi izan den arren ez du gola sartzen asmatu.
José Luis Mendilibarren taldea lehen hamabost minutuetan izan da soilik Sevillaren menpean, non andaluziarrek gola egin duten 11. minutuan, ezkerretik jaurtitako Krohn-Dehliren pasea Llorentek buelta-erdian sartu duenean.
Lehen zatiaren nagusitasuna bi taldeen artean banatu da, zelai-erdian jokatu da asko eta gutxitan iritsi dira areara bi taldeak ere. Mendilibarrek zelai-erdia indartzea erabaki du, Adrián eta Radosevic-en bitartez, taldeari presentzia eta sendotasuna emanez, baina honek hegaletako sakontasunaren gutxitzea ekarri zuen.
Atsedenaldiaren ostean, Eibar markagialuari buelta emateko asmoz irten da, eta norgehiagokaren jaun eta jabe izan da, aurkariaren atera arriskua eramanez. Erasoko jokaldi polit baten ostean 52.ean Borjak egindako jaurtiketa eta beronen burukada bat izan dira armaginen lehen aukerak.
Sevilla kontraerasoan aritu da eta modu horretan iristekotan izan da partidaren sententzia, baina Asier Riesgok, inspirazioz beterik, arrisku jokaldi guztiak deuseztatu ditu. Bereziki aipatzekoa, 72.ean izan duen Banegaren aurkako buruz-burukoa.
Eibarren aukerarik garbiena 83.ean iritsi da, Sergik atezaina gainditu eta errematatzera zihoala irrist egin duenean, non baloia ukitu arren, ezin izan duen golik egin.
Partida amaitzear zela, ezkerraldetik ateratako Saúl Berjónen falta jaurtiketa Sergio Ricok urrundu du.
Sánchez Pizjuandik indarberrituta irten da Eibar, maila europearra duen talde baten aurka erakutsitako lehiagatik, baina puntu bakar bat ere ez lortzearen atsekabearekin.