Skip to main content
EU
Lehen Taldea

Partida bikaina egin arren, Eibarrek Real Madrilen aurka galdu du (1-2)

Irudi ezinhobea eman duten arren, armaginek ezin izan dituzte Ronaldoren bi golak ekidin

Eibarrek Real Madrilen aurka galdu du Ligako 28. jardunaldian lehia biziko neurketan. Armaginak ez dira kikildu eta puntu bat eskuratzetik oso gertu ibili dira. Ronaldok zuriak aurreratu baditu ere, bigarren zatiaren hasieran, Ramisen burukada eder batek norgehiagoka berdin du. Ostera, ordea, partidaren amaiera gertu zela, Ronaldok arratsaldeko bigarrena egin du eta bukaerako bat eta bikoa lortu du.

Uste osoz irten da taldea berdegunera. Minutu gutxi behar izan dituzte eibartarrek garaipenaren bila zihoaztela erakusteko. Mendilibarren mutilak zurien zelaian kokatu dira eta baloiaren jabetzaren bitartez aurkako areara iristen saiatu dira. Azken metroetan, ordea, ez dira fin ibili eta ez dute azken pasean asmatu.

Real Madril, bestetik, bere aukera itxaroten ibili da lehen minutuetan. Talde zuriak kontraerasora atera nahi izan du armaginen hutsegiteak aprobetxatuz. Horrela iritsi da zurien lehen gola. Lehen ordu erdia betea zenean, Modricek Arbillaren hutsegite bati etekin atera dio eta Ronaldorekin luze jokatu eta gero, honek neurketako lehena egin du. Handik gutxira, Inuik berdinketa egiteko abagunea izan du baina bere jaurtiketa Navasek bidali du kornerrera.

Bigarren zatian, armaginak harrokeriarik gabe irten dira garaipenaren bila. Hasi eta berehala, taldeak berdinketa egitea lortu du korner batean. Ramisek maisuki burukatu du Pedro Leónek ipinitako erdiraketa eta Navas gainditzea lortu du. Aurkariak, ordea, segituan erantzun dute. Modricek, lehenik, eta Ronaldok, bigarrenik, Real Madril berriz ere aurretik jartzeko abagune garbiak izan dituzte. Dmitrovic erantzun ikaragarria eman dio aurrelari portugaldarrari.

Minutuak aurrera egin ahala, taldeak gora egin du eta minutu onak egin ditu. Armaginek markagailua iraultzeko aukera gertu ikusi dute. Amaierarako ordu laurden bata falta zenean, Paulok aukera ezinhobea izan du korner batean. Handi gutxira, Kike Garcíak partiduko garbien izan du kontraeraso bikain bat eta gero. Aurrelariak, ordea, ez du asmatu azken unean.

Eibarren gola gertu zela zirudienean, Real Madrilek azken minutueta izan duen aukera bakarra aprobetxatu du garaipena eskuratzeko. Lucasek eskuin hegaletik jokaldi ona egin eta gero area barrura erdiratu du. Bertan Ronaldok burukada sendo baten bitartez lehiako bigarrena lortu du eta hiru puntuak eskuratu ditu bere taldearentzat .